Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Koblentza

(Alemanaz, Koblenz). Alemaniako mendebaleko hiria, izen bereko barrutiko (8.092 km2 eta 1.352.900 biztanle) hiriburua, Mosela eta Rhin ibaien bilgunean (Pfalz-Rhenania). Administrazio- eta merkataritzagune garrantzitsua da. Mekanika industria, beiragintza, larrugintza eta ardogintza (ospe handikoak dira hango ardoak). Aipagarriak dira, besteak beste, Rhin ibaiaren gaineko Ehrenbreitstein gotorlekua (XI. m.), ibaiaren alboetan altxatzen diren jauregi zaharrak, San Kastor eliza (IX-XII. m.), Ama Birjinaren eliza (XII. m.) eta San Florian eliza (XII. m.). Hiriaren parte handi bat suntsitu zuten II. Mundu Gerran, baina berriz eraiki dituzte antzinako eraikin gehienak.  v  Historia. Druso buruzagi erromatarrak K.a. 9an eraiki zuen Castrum ad Confluentes kokalekuaren inguruan sortu zen Koblentzako hiria. Frankoen inperioaren mende egon zen VI. mendean eta Rhenaniako apezpikuaren esku utzi zuen Henrike II.a Germaniako erregeak 1018. urtean. Prusiako hiria izan zen 1815. urteaz gero eta Rhin herrialdeko hiriburua ere izan zen 1824-1845 bitartean. Aliatuen arteko goi-batzordearen egoitza izan zen Lehen Mundu Gerraren garaian (1919-1929).