Kingsley, Ben
(Jaiotza izena, Krishna Bhanji). Britainiar antzezlea (North Yorkshire, 1943). Ez zuen antzerki ikasketarik egin. Royal Shakespeare Companyren obra bat ikusi ondoren erabaki zuen antzezle izatea. Hainbat antzerki taldetan aritu zen, harik eta 1967an hainbeste miresten zuen konpainian, Royal Shakespeare Companyn, sartzea lortu zuen arte. Garai hartan jokatu zituen paperetatik bereziki azpimarratzekoak dira Demetrius pertsonaiaren antzezpena Peter Brooken Udako gau bateko ametsa produkzio ospetsuan (1970), Otelo (1985) obrako protagonistarena eta Squeersena Nicholas Nickleby lanean (1980). Aipatzekoak dira, baita ere, Hamlet-en produkzio bat, Kaixo eta agur (1973, Athol Fugard), Azeria (1976, Ben Jonson) eta Traizioa (1982, Harold Pinter). Zineman egin dituen lanen artean aipagarriak dira, besteak beste, Gandhi (1982, Richard Attenborough; antzezle onenaren Oscar saria), Schindlerren zerrenda (1993, Steven Spielberg) eta Herio eta dontzeila (1995, Roman Polanski).