Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Kim Dae Jung

Hego Koreako politikaria (Haji-do, 1924). Klase ertaineko nekazari familia batean hazi zen. Lehen eta bigarren mailako ikasketak amaituta, konpainia japoniar batean hasi zen lanean, bulegari gisa. 1945ean bertan behera utzi zuen lanbide hori, eta negozioen munduan murgildu zen. Koreako gerran (1948-1953), korear komunisten jazarpena pairatu zuen eta erregimenaren etsai izateaz akusatu zuten. Atxilo hartu zuten eta herio zigorra ezarri zioten, baina espetxetik ihes egitea lortu zuen. Gerra amaitu bezain laster politikan hasi zen, Syngman Rheek ezarritako erregimen autokratikoari gogor egiteko. Diktaduraren azpian bost aldiz aurkeztu zuen bere burua hauteskundeetan, baina ez zuen Legebiltzarrean aulkirik lortu. 1961ean bai; diktadorea eroririk, legebiltzarkide hautatu zuen, eta lanean hasi zen erregimen demokratikoaren alde, eragozpen handiak izan bazituen ere. Gobernu berrian ere –Park Ching Heeren gidaritzapean– oposizioan egon zen, gobernuak matxinada politikoak zapaltzeko erabili zituen neurrien aurka zegoelako. 1971ko lehendakaritzarako hauteskundeetan, Kimek, Koreako Alderdi Demokratikoaren izenean, botoen % 40 eskuratu zituen, baina Park Ching Heek baino gutxiago, hala ere. 1973an, Tokion zegoela, Koreako Zerbitzu Sekretuak bahitu eta herrialdera itzularazi zuen. 1976an berriro atxilotu zuten, herritarrak erregimenaren aurka matxinatzeko sustatzeagatik. 1979an askatu zuten. Urte horretan bertan, urrian, Park Ching Hee hil egin zuten. 1980ko maiatzean, sedizio eta konspirazio akusaziopean atxilotu zuten Kim, eta hiltzera kondenatu. Hala ere, nazioarteko presioari esker, 20 urteko kartzela zigorra ezarri zioten heriotzarenaren ordez. 1982ko abenduan aske utzi zuten eta Estatu Batuetara erbesteratu zen. Hiru urte geroago itzuli zen, beraren kontrako giroa baretu zenean. Berriro ere politikan lan egiten hasi zen. 1987an hauteskunde orokorretara aurkeztu zuen bere burua, gobernuaren aurka zeuden gainerako indar politikoekin elkartuta, baina koalizioa hautsi egin zen, Kim Jung Sam hautagai etsaiaren mesedetan. Hala, Kimek gobernuaren politikaren aurkako oposizioaren gidaritza hartu behar izan zuen berriro.