Kidjo, Angélique
Benindar abeslaria (Ouidah, 1960). Arrakasta handia lortu du nazioartean bere musikarekin. Txikitatik izan du antzerki eta folklore mundua ezagutzeko aukera, bere gurasoek horretan lan egin zutelako. Gazterik hasi zen etxekoekin mendebaldeko abesti famatuak Beningo moduetara moldatzen, eta fon hizkuntzan kantatzen. Hogeita hiru urte zituela, bere herriko gertakari politikoek eraginda Parisera alde egin behar izan zuen. Jazz musika ikasi zuen Parisen, eta han Jasper Vant Hoof holandar pianista ezagutu zuen. Pianista horrek Pili Pili (“Beroa Beroa”) musika taldean parte hartzeko gonbita egin zion. Talde horrekin Hoomba Hoomba (1985) diskoa grabatu zuen, eta baita beste hauek ere: Jakko (1987), Mama Rosa (1988) eta Hotel Babo (1990). Bere izenpean grabatu duen lehen diskoa Pretty (1988) izan da. Disko horretako “Ninive” kantak oso arrakasta handia izan du erdialdeko Afrikan. Beste disko batzuk dira: Parakou (1989), Logozo (1991), Ayé (1994), Fifa (1996) eta Oremi (1998).