Keats, John
Ingeles poeta erromantikoa (Londres, 1795 - Erroma, 1821). Familian arazoak izan zituen, aita gazterik hil baitzen, eta ama berriz ezkondu eta ezkontza hautsi zuen; azkenik, zaindari baten eskuetan geratu zen, eta hark bultzatuta kirurgialari laguntzaile gisa hasi zen lanean. 1817an, ordea, beste guztia utzita, literatura lantzen hasi zen. Keats-en lehen garrantzizko lana Endymion poema luzea izan zen, 1818an argitaratua. Poemak Diana Ilargiaren jainkosa eta Endymion artzainaren arteko maitasuna kontatzen du; munduko edertasunaren maitalearen alegoria da. Urte horretan bertan Fanny Brawne ezagutu zuen, bere bizitza osoko maitasun tragikoa. Maitasun horren eta heriotzara eramango zuen gaixotasunaren eraginpean idatzi zituen Keats-ek poema ederrenak (Lamia eta The Eve of St Agnes), oda handiak (On Indolence, On a Grecian Urn, To Psyche, To a Nightingale, On Melancholy eta To Autumn), eta Hyperion poema epikoaren bi bertsioak. Hyperion 1818-1819 urteetan idatzia da: zoritxarreko maitasunaren eta eritasunaren aurrean, berriz ere Greziako mitologian oinarrituz, balio absolutuak eta hilezkortasuna uztartzeko ahalegina da, eta era berean poeta-sortzailearen alegoria. Poemak, odak eta Hyperion 1820an argitaratu ziren liburu batean. Hurrengo urtean, gero eta eriago zegoela, hegoaldera jo zuen Keats-ek medikuen gomendioz, eta Erroman hil zen 26 urte zituela. v Keats-en obraren baitan ezarri ohi dira orobat gutunak, anai-arrebei, adiskideei eta Fanny Brawne-ri bidaliak; bere obrari buruzko iruzkin aberatsak izateaz gainera, literatura balio handikoak dira. v Keats-en poesiaren ezaugarriak irudien bizitasuna, sentikortasuna, eta filosofia mitologiaren bidez agertzeko ahalegina dira. XIX. mendeko poetengan eragin handia izan zuen, baina bereziki obraren alderdi formalari dagokionez; XX. mendean Keats-en obraren balio teknikoa eta intelektuala aintzat hartu da.