katoliko
izond. Katolizismoari dagokiona. ◊ Katolizismoari atxikia. v Eliza kristaua bere osotasunean hartzen du katoliko izateak, eta lekuan lekuko taldeetatik, heresietatik, zismetatik eta beste elizetatik bereizten du. II. mendeaz geroztik elizako idazleek erabili zuten katoliko (grekoz, “orokorra edo unibertsala”) hitza adiera horretan. Erromako elizak bere ezaugarri berezitzat hartzen du katolikotasuna, baina protestanteek eliza kristau guztientzat erabiltzen dute. v Erromako eliza katolikoa. Eliza kristaua, batasuna alde batetik eta dotrina eta eraketa oso landua izatea bestetik ezaugarri dituena. K.o. I. mendeko Jesusen apostoluek hasi zuten Erromako elizaren antolamendua. Ekialdeko erlijio ortodoxoarekin eta protestanteen dotrinarekin batera, kristautasunaren hiru adar nagusietako bat da. Historian zehar gorabehera handiak izan ditu Erromako Elizak; talde eta eliza berriak sortu dira hartatik, baina apostoluen elizaren jarraitzaile zuzena eta kristau fedearen azalpen egokia egiten duena bera dela dio. (ik. eliza, historia). Erromako eliza katolikoaren hierarkiaren burua Aita Santua da, Erromako apezpikua, San Petri apostoluaren oinordekoa eta apezpiku guztien burua. Vatikanoko lehenengo kontzilioaren arabera, katolikoek uste dute Aita Santuak mundu osoko elizaren lege aginte gorena duela eta fedeaz eta moralaz irakasten duenean ez duela huts egiten. Erreformaren garaiaz gero, protestanteek diote Idatzi Santuak direla kristauen sinismenaren iturri bakarra eta kristauen jokaeraren arautegia; Erromako eliza katolikoaren iritziz ordea Idatzi Santuak fedearen iturrietako eta aginpideetako bat dira, baina ez bakarrak, eta ohiturak ere kontuan hartzekoak dira. Sakramentu sistema desberdina dute bereizketa horren ondorioz protestanteek eta katolikoek. Lehenengoek bi sakramentu onartzen dituzte, Bataioa eta Eukaristia, jatorria Biblian dutelako; Erromako eliza katolikoak, ohitura oinarritzat hartuta, zazpi sakramentu onartzen ditu: bataioa, aitortza, eukaristia, ordena santuak, ezkontza, konfirmazioa edo sendotza eta olio igurzketa. Katolikoentzat Eukaristiak du garrantzirik handiena.