kasida
iz. Lit. Arabiako olerki mota, arabieraz edo persieraz idatzia. Arabian islama hedatu aurretik sortu zen eta, islamiar literaturari esker, gaur egun arte gorde da. 60-100 lerro izaten ditu eta neurriak beste arabiar olerki moldeetan erabiltzen diren neurri klasikoak dira. Kasidak hiru parte ditu: lehenengoa irakurlea erakartzeko sarrera gisakoa da, eta amodioa izaten da gai nagusia; bigarrenean adiskideen edo senitartekoen bila basamortuan egiten den bidaia kontatzen da (animaliak, paisaiak, etab.); azken atalean idazleak eskaintza egiten dio bere leinuari, familiari edo adiskideei, edo etsaiaren satira egiten du.