Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Karrantza

Bizkaiko mendebaleko udalerri eta ibarra (Enkarterri). Carranza du izen ofiziala. Mugak: iparraldean, Guriezo ibarra (Kantabria), ekialdean, Turtzios eta Villaverde de Trucíos (Kantabria), mendebalean, Lanestosa eta Soba ibarra (Kantabria) eta hegoaldean, Mena ibarra (Burgos). Garaiera, 205 m (Concha). 137,87 km2. 1997ko datuen arabera, 3.093 biztanle ditu (karrantzarrak). Herrigune hauek osatzen dute Karrantzako udalerria: Ahedo, Aldeacueva, Ambasaguas, Bernales, Biañez, La Calera del Prado, El Callejo, La Cerca, Concha (herriburua), Las Llamas, Herboso, Lanzas Agudas, LLano, Lombanos, Manzaneda de Biañez, Matienzo, Molinar, Pando, Paules, Presa, Ranero, Rioseco, San Cipriano, San Esteban, Sangrices, Santecilla, Sierra, Soscaño eta El Suceso. Udalerriaren hegoaldean Ordunteko Mendiak altxatzen dira (Burgeño, 1.037 m; Zalama, 1.335 m; Ordunte, 1.104 m), ekialdean Mañon mendia (855 m), mendebalean Coto Basero mendia (823 m) eta iparraldean El Moro (822 m) eta Peña de Ranero (731 m). Hizkuntza banaketa 1996an: 244 euskaldun, 372 ia euskaldun eta 2.482 erdaldun. Laborantzan (bazkarako landareak, barazkiak) eta, batez ere, abere hazkuntzan (behi, ardi, zaldi eta zerri azienda) oinarritzen da ekonomia (langileen % 59). Industria gutxi garatua dago (janari industria; langileen % 16). Udalerriaren eremuetan historiaurreko leze ugari ageri da: Aldeacueva, Torca del Carlista. Venta de Laperra, Ranero, Bortal eta Ubal. Aipagarriak dira, halaber, Aldeacuevako San Bartolome eliza (Errenazimentu garaikoa, 1790. urtean eraberritua), Sierrako San Pedro eliza, Santecillako Errenazimentu garaiko eliza, Biañezeko eliza gotiko zaharra, Ahedoko San Migel eliza, Sangriceseko San Julian eliza eta Ahedotarren dorretxea.  v  Historia. Autrigoniar euskaldunen lurraldean egituratu zen Karrantzako harana. Asturiasko Alfontso III.aren kronikan zehazten da lehenengo aldiz harana, Carrantia izenez (IX. m.) eta Haroko etxearen manupeko eskualdea zen XIII. mendean. Herri txiki ugari bildu ziren historian zehar Karrantzako haranera eta zatiketa, gatazka eta liskar asko izan zen Erdi Aroan Karrantzako herri eta jaunen artean.