Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Karakalpakia

Uzbekistango errepublika autonomoa. Uzbekistanen mendebaleko herena hartzen du. Mugak: iparraldean Khazakhstan eta Aral itsasoa, mendebalean Khazakhstan, hegoaldean Turkmenistan, eta ekialdean Uzbekistan. 165.000 km2. 1.080.000 biztanle (1985): % 31 karakalpak leinukoak, % 31 uzbekoak, % 27 khazakh-ak. Hiriburua: Nunuks. Karakalpakiaren zati handiena Kizil Kum basamortuak hartzen du. Amu Daria ibaian egin diren ureztatze lanek eragin handia izan dute nekazaritza garatzeko. 1980ko hamarkada erditik aurrera ordea, arazo larriak hasi dira sortzen, Aral itsasora doazen ibai gehienak ureztatze lanetarako bideratu direlarik, itsaso haren maila hainbat metroz jaitsi baita eta eremua guztiz urritu; era horretara itsaso hondo izanean metatutako gatza haizeak inguruko lurralde zabaletara zabaldu du, lurrak gazituz, eta neurri berean nekazaritza pobretuz. Aberastasun iturri nagusiak: karakul larruak, zeta, kotoia, metalurgia eta janari industria.  v  Historia. XIV-XVI. mendeetan karakalpakak Bokharako khan herriaren mendeko ziren. 1723an dzungariarrek konkistatu zituzten, eta 1873an errusiarrek. Errusiako Iraultzaren ondoren Kharezm eta Turkestango errepublika sobietarren artean banatu zen. 1932an Errepublika autonomoa bihurtu zen SESB barruan, eta 1936an Uzbekistan barruan kokatu zen.