Karajan, Herbert von
Austriar orkestra zuzendaria (Salzburgo, 1908 - Anif, Salzburgo inguruan, 1989). Salzburgoko Mozarteum-ean eta Vienako Unibertsitatean eta Kontserbatorioan egin zituen ikasketak. 1937. urtetik aurrera Berlingo Orkestra Filarmonikoaren eta Berlingo Operako kontzertu emanaldien zuzendari gisa jardun zuen. 1954. urtean Berlingo Orkestra Filarmonikoaren zuzendari izendatu zuten, W. Furtwängler-en ondoren. 1956-64 bitartean Vienako Operako zuzendari izan zen, eta orobat Bayreuth eta Salzburgoko jaialdietakoa ere. 1967an Bazko Jaialdia sortu zuen Salzburgon, R. Wagner-en musika lanen inguruan. Musikarako oroimen handia zuen, eta lan egiterakoan zuen doitasunak eta antolatzaile gaitasun bereziak, XX. mendeko orkestra zuzendari ospetsuenetako bat bihurtu zuten. Opera antzezpenak antolatzen ere jardun zuen.