Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Kabardino-Balkaria

Kaukasoko Errepublika, Sobiet Batasuna izandakoaren Errepublika Autonomoa, Kaukasian, Kaukaso mendien iparraldean. 12.500 km2. 715.000 biztanle (1985). Hiriburua: Nalchik. Biztanleriaren % 45 kabardinoak dira, eta % 37,3 errusiarrak. Oso lurralde menditsua da; Kaukaso mendietako gailur gorenak han daude (Elbrus, Diykh-Tau, Koshtan-Tau, Dzhangi-Tau, Shkora). Glaziar handiak dira, orobat. Iparraldean eta ipar-ekialdean Kabardinoko ordokia dago, nekazaritzarako mendi aldekoak baino lur hobeak dituena. Ordoki horretan biltzen da nekazaritza gehiena. Biztanleriaren % 60a hirietan bizi da. Erlijio nagusia islama da. Aberastasun iturri nagusia, nekazaritzaz eta abere hazkuntzaz gainera, indar elektrikoaren esportazioa (Kaukaso mendietako zentral hidroelektrikoak), meatzeak (urrea, kromoa, nikela) eta industria txikien produktuak (oihalgintza, oskigintza, etab.) dira.  v  Historia. 1557an kabardinoak errusiarrekin aliatu ziren, Kabarda eskualdea Terek kosako eskualdearen parte zela (gaur egun han bizi diren errusiar gehienak kosakoen ondorengoak dira). Mendietako balkar leinukoek luzaro eutsi zieten errusiarren erasoei. 1921ean Kabardino eskualde autonomoa eratu zen, eta 1922an, Balkariarekin baturik, Kabardino-Balkaria lurralde autonomoa; 1936an errepublika autonomoa eratu zen. 1943an, balkar leinukoak, alemaniar nazien laguntzaile zirela salaturik, beren lurraldetik kanpora egotzi zituzten. Haien lurraldea, Balksan-go haran menditsua, Georgiari eman zitzaion. 1956an balkariarrak berriro itzuli ziren beren lurraldera, eta hurrengo urtean Kabardino-Balkaria errepublika eratu zen berriro.