Jutsi
Nafarroa Behereko ekialdeko udalerria, Iholdiko kantonamenduan (Oztibarre). Mugak: iparraldean, Arhantsusi eta Izura-Azme, ekialdean, Phagola, mendebalean, Bunuze eta Larzabale-Arroze-Zibitze eta hegoaldean, Phagola, Donaixti-Ibarre eta Bunuze. Garaiera, 150 m. 21,83 km2 eta 230 biztanle (jutsiarrak). Biduze ibaia igarotzen da udalerriaren ipar-mendebaletik. Euskara, behe-nafarrera; euskaldunak, % 100. Laborantzan (artoa, barazkiak, bazkarako landareak) eta abere hazkuntzan (ardi eta behi azienda) oinarritzen da bertako ekonomia jarduera nagusia. Aipagarriak dira hilerriko XVII. mendeko hilobiak. XIII. mendeko dokumentu batean aipatzen da lehen aldiz Jutxue edo Yutssue izenaz. Akizeko Bikario Nagusiaren egoitza izan zen luzaroan.