Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Jutlandia

(Danieraz, Jylland). Ipar Europako penintsula, Ipar itsasoaren eta Baltiko itsasoaren artean. Danimarkako estatuko kontinente aldea eta Alemaniako iparraldeko Schleswig-Holstein herrialdea ere hartzen ditu bere baitan. Mugak: mendebalean, Ipar itsasoa; ipar-mendebalean, Skagerrak itsasartea; ipar-ekialdean, Kattegat itsasartea; ekialdean, Baltiko itsasoa, eta hegoaldean, Alemania. 29.766 km2 eta 2.257.741 biztanle. Bi herrialde hartzen ditu Jutlandiak Danimarkan: Ipar Jutlandia (Nordjylland. 6.173 km2 eta 483.381 biztanle. Hiriburua: Aalborg) eta Hego Jutlandia (Sønderjylland. 3.938 km2 eta 249.805 biztanle. Hiriburua: Aabenraa). Jutlandiako lurraldea laua eta hareatsua da eta aintzira txiki asko du. Laborantza zaila da eremu horietan eta asko hedatu da abeltzaintza (behi azienda bereziki). Janari industria, mekanika industria eta ontziolak.  v  Historia. Herri zinbriarrak eta teutoiak bizi izan ziren Jutlandian K.a. IV. mendeetatik aurrera. Augustoren garaian erromatarrek hartu zituzten lurralde haiek; ondoren saxoiak, angloak eta jutoak finkatu ziren han, gero Britainiako uharteetara jo zutenak. Daniarrak, vendo eslaviar rak eta vagrioak finkatu ziren han ondoren. Godofredo Jutlandiakoa Karlomagnoren aurka borrokatu zen VIII. mendean; IX. mendean hasi zen Jutlandia kristautzen. XI. mendean Danimarkako koroaren pean geratu zen.  v  Jutlandiako gudua. Lehen Mundu Gerran, 1916ko maiatzaren 31n eta ekainaren 1ean izan zen itsas gudua, itsas armada ingelesa eta Alemaniako ontzidiaren artean; Ipar itsasoko nagusigoa zegoen jokoan. Ingelesek baino galera txikiagoak izan zituzten alemaniarrek eta aurrez galdutako portu txiki batzuk berreskuratu zituzten, gainera, baina Ipar itsasoko sarrera ontzi ingelesen begirapean geratu zen eta Atlantiko aldeko biderik gabe geratu ziren alemaniar ontziak.