Jaun Zuria
(Jaiotza izenez Lope Busturikoa). Bizkaiko lehen jauna, IX. mendean, Pedro de Barcelós konde portugaldarrak XIV. mendean eta Lope Garcia de Salazar historialari bizkaitarrak XV. mendean jaso zuten ahozko tradizio baten arabera. Salazarrek dioenez, Jaun Zuria Bizkaiko Mundakara iritsi zen Eskoziako erregearen alaba baten semea zen eta Busturian sortu zen. Gazte zela guztiz nabarmendu zen bizkaitarrek Padurako zelaietan (egungo Arrigorriagan) Bizkaiaz jabetu nahi zuten Leongo osteen aurrean lortu zuten garaipenean eta Bizkaiko jaun izendatu zuen Bizkaiko Batzarrak gudu haren ondoren, errege odola zuela eta. Jaun Zuria deitzen zioten azalez zurbila eta ile horia edo zuria zelako, edo jantzi zuriak jantzi ohi zituelako. v Inolako historia frogarik ez da Jaun Zuriaren inguruan eta, beraz, ezin esan daiteke benetako pertsonaia izan denik. Nolanahi ere, guztiz zabaldu zen Jaun Zuriaren istorioa XIX. mendetik aurrera eta izen hori lotu ohi zaio ordudanik Bizkaiko lehen burujabetzaren garaiari (Sabino Arana, Bizkaya por su independencia).