jaiotza
iz. Jaiotzea, mundura etortzea. || Jesusen jaiotzaren irudikatzea, Eguberrietan, etxeetan eta, ipintzen dena.
■ Jaiotza kontrola. Haurdunaldia eragozteko edo atzeratzeko metodo orori esaten zaio jaiotza kontrola. Iritzi desberdin asko dago haurdunaldia eragoztearen moraltasunaz edo zuzentasunaz. Erlijio batzuen arabera, jaiotza kontrola Jainkoaren legearen aurkakoa da. Jaiotza kontrolaren alde daudenentzat, berriz, familiaren neurria murriztea ezinbestekoa da bizi baldintzak hobetuko badira. Haurdunaldian amaren osasuna arriskuan jartzeak edota gerta daitezkeen arazo genetikoek ere kezka handia sortzen dute. Baita baliabide naturalen hornidura arriskuan jartzen duen munduko biztanleriaren hazkundeak ere. ■ Haurdun ez geratzeko bide seguruena sexu harremanik ez izatea da, baina bitarteko kimiko, mekaniko eta kirurgikoak ere badira. Metodo horiek obulazioa eragozten dute, esperma eta obulua elkartzea eragozten dute, edo obulu ernaldua umetokian geratzea eragozten dute. Metodo asko daude haurdunaldia eragozteko, ez denak eraginkortasun berekoak. ■ Koitoa etea. Haurdunaldia eragozteko bide zahar bat, gizonak eiakulatu aurretik koitoa etetea da. Oso badaezpadako metodoa da, eiakulazioaren aurretik ere hazia isurtzen delako sarritan. ■ Familia plangintza naturala. Familia plangintza naturala emakumearen hilekoan oinarritzen da. Hil bakoitzeko obulazioaren ondoko egunak zein diren jakin behar da, eta egun horietan sexu harremanik ez izan. ■ Umetokiaren barneko gailua (DIU izenaz ezaguna). Umetokiaren barruan jartzen den plastikozko edo metalezko pieza txiki bat da. Mediku batek jarri behar du. Umetokiaren barneko gailuak obulu ernaldua umetokian geratzea eragozten du. Merkea da, luze irauten du eta ez du arreta handirik eskatzen haurdunaldia eragozteko erangikorra izateko. Dena dela, arranpak, odoljarioak, infekzioak eta antzutasuna eragin ditzake eta ez da egokia emakume guztientzat. ■ Pilula. Haurdunaldia eragozteko pilulak 1960ko hamarraldian hasi ziren erabiltzen. Emakumeak hartzen ditu, eta sendagileak esan bezala erabiliz gero, guztiz eraginkorra da. Obulazio zikloan eragiten du, haurdunaldia antzeratzen duen hormona desorekatzaile bat sortuz. Hilero-hilero hiru astean zehar hartu ohi da. Egunen batean hartzea ahaztuz gero, haurdun geratzeko arriskua handitu egiten da. Pilula hartzeak goragalea, hilekoa aldatzea eta buruko mina eragin ditzake. ■ Kondoia edo preserbatiboa, diafragma, umetokiaren lepoko estalkia. Esperma eta obulua elkartzea eragozten duten bitarteko mekanikoak dira. Kondoiak, ongi erabiliz gero, seguruak dira. 1990. urteaz geroztik emakumezkoentzako kondoiak ere badira. Poliuretanozko zorro bat da, ematutua eta kanpoko sexu alderdiak esaltzen dituena. Kondoiak, gizonezkoena zein emakumezkoena, oso egokiak dira HIESA eta eritasun benereoak kutsatzea eragozteko ere. Diafragmak eta umetokiaren lepoko estalkiak emakumeak erabiltzekoak dira. Goma mehez egindakoak dira, eta beginan sartzen dira umetokiko irekigunea estaltzeko. Espermizidaren batekin erabiltzea komeni da. ■ Antzutzea. Haurdunaldia eragozteko modu iraunkor bat gizonezkoa edo emakumezkoa ebakuntza bidez antzutzea da. Antzutzeak ez du sexu ahalmena gutxitzen. Gizonezkoari hazia isurtzeko bi hodietako bakoitzaren zati txiki bat ebakitzen zaio (basektomia). Hala, esperma ez da haziarekin nahasten eta kanpora isurtzen. Emakumezkoari Fallopioren hodiak lotzen zaizkio, obulua umetokira heltzeko modurik gabe utzitz. Bai bata bai bestea ebakuntza arinak dira. ■ Abortua. Garatzen ari den umekia edo umekia umetokitik erauztea da abortua. Medikuek egina denean, abortuak ez dakar arrisku handirik emakumearentzat, operazio erraza da. ■ Hormona-isurtzaileak. 1990ean haurdunaldia eragozteko iraupen luzeko metodo berri bat kaleratu zen, Norplant izenekoa. Emakumearen besoko azalaren azpian jartzen diren goma mehezko hodi batzuk dira, progesterona hormona isurtzen dutenak. Bost urteko iraupena dute. Behin kenduz gero emakumea emankor bihurtzen da berriro. ■ Txertatutako antisorgailuak. Iraupen luzeko hormona sintetiko bat, Depo-medroxy progesterona azetatoak, edo Depo-proverak, antisorgailu gisa txertatzen da. Obulazioa galarazten du eta ernalketa eragozten duen ingurua sortzen du umetokian. ■ Biharamuneko pilula. Hormona dosi handiak dituzten pilula batzuek (Ovral pilula, esate baterako) sexu harremana izan eta berehala hartuz gero haurdunaldia eragozteko ahalmena dute. Hormonak obulua ernaltzea edo arrautza ernaldua umetokian ezartzea eragozten du. v Jaiotza tasa. Demografian, epe jakin batean herri batean gertatzen diren jaiotzen eta herri horretako biztanle kopuruaren arteko erlazioa. v Jaiotzetikoa. Jaiotzean bere izatearekin batera norberak dakarren ezaugarria. v Jaiotzetiko gaitza. Med. Gorputzaren egituran edo funtzioren batean, jaiotzean agertzen den akatsa. Jaiotzerakoan gaitz larriren bat duten haurren kopurua milatik 20koa bada ere, oso gutxi dira, inolako gaitz nahiz akats txikirik gabe jaiotzen direnak (orbainak adibidez). Enbrioi den bitartean du umegaiak gaitz larrienak jasateko arriskua, hots, ernalketaren unetik hasi eta hurrengo 8 asteetan, epe horretan definitzen baitira gizakiaren egitura, organoak eta ehunak. Ordutik eta jaiotzeko unea arte, umekia den bitartean alegia, umegaiak beste gaitzen batzuk paira ditzake, burmuinean batik-bat, begi edo belarri barnean, edo sifilisa. Kausak bi eratakoak izaten dira: herentziazkoak (transmisio genetikoa) edo ingurunekoak (ezbeharra edo infekzioa). Faktore genetikoak: herentziazkoak dira normalean, baina geneen bat-bateko aldaketa gerta daiteke, edota sexu zelulak zatitzerakoan kromosomak zelulen artean gaizki bana daitezke. Horrelako kasuetan oso haur gutxi dira, Down-en sindromedunak izan ezik, bizirik jaiotzen direnak. Heredentziazkoen kasuan, aipagarriak dira lehengusuen arteko ezkontzen ondorioak, eta batez ere hezurretan eta odoletan sortzen diren gaitzak, besteak beste, akondroplasia, osteogenesi osatu gabea, albinismoa, mikrozefalia, hemofilia, etab. Inguruneko faktoreak: umegaiak amaren sabelean dagoen bitartean jasan ditzakeen erasoak, amarengandik zuzenean jasoak, alegia. Elgorria da enbrioiari eraso diezaiokeen bakarra. Bereziki kaltegarria da haurdunaldiaren bosgarren eta zortzigarren asteen bitartean. Gorreria eta gandua, adibidez, umeki garaian nozitutako infekzioen ondorio dira. Bestetik, energia handiko irradak ere zelulei kalte egiten die, baita drogek eta beste eragileek ere, alkoholak edo tabakoak, besteak beste; nahiz eta gaitzik sorrarazi ez, zuzeneko kaltea dute umegaiarengan, amarengan izan dezaketena bezalakoa, edo okerragoa. HIESa ere amak umegaiari kutsatuz pasa diezaioke.