Izmir
(Smyrna, Esmirna). Turkiako hiria, izen bereko probintziako hiriburua, Turkiako mendebalean, Egeo itsasoaren adar baten ertzean (Izmirko golkoa). 1.489.000 biztante ditu (1990). Turkiako bigarren itsasportua da, eta industriagune nagusia: papera eta metal gaiak. Brontze Aroan sortu zen (K.a. 3000. urte inguru); joniarrek kolonizatu (K.a. 1000. urte inguru) eta lidiarrek suntsitu zuten (K.a. 627). Mazedonia eta Erroma nagusi ziren garaian handitu eta aberastu zen. VII. mendetik XV. mendera herri askoren mende izan zen, harik eta turkiar otomanoen eskupera etorri zen arte. Inperio Otomanoak behea jo zuenean (1918), Greziak beretzat nahi izan zuen hiria. Lausanako Itunak Turkiarentzat eman zuenean, bi herrialdeek beste jatorriko jendeak trukatu zituzten, eta hala turkiarrago bihurtu zen Izmir.