Izetbegovic, Alija
Bosniar politikaria (Samac, Bosnia-Herzegovina, 1925 - Sarajevo, 2003). Europako ekialdean komunismoak gainbehera egin eta Jugoslaviar Federazioko errepubliketako alderdi politiko ez komunistak legeztatu zirelarik Ekintza Demokratikorako Alderdia (PAD) sortu zuen Izetbegovic-ek 1990ean, alderdi bosniar musulman abertzale eta laikoa. PAD-ek gehiengoa atera zuen 1990eko hauteskundeetan, eta Izetbegovic-ek zazpi kidek osatutako gobernu kolegiatua eratu zuen; bertan, musulmanek, serbiarrek eta kroaziarrek bina ordezkari zituzten eta gainerako guztiek ordezkari bana. Izetbegovic, errepublikaren lehendakari gisa, Jugoslavia suntsitu berritik independente zen errepublika etnia-anitz gisa mantentzen saiatu zen Bosnia-Herzegovina. Hala ere talde etniko batzuen eta besteen arteko istiluek eta serbiar-bosniarrek Bosnia-Herzegovinan Jugoslaviako federazioan jarraituko zuen serbiar errepublika bat egin nahiak gerra zibila piztu zuten 1992an, atzerrian Bosnia-Herzegovinaren independentzia onartu zenean. 1994an Nazio Batuak eta Europar Batasuna gerra gelditzen ahalegindu ziren, alferrik ordea. 1995ean bake hitzarmena izenpetu zuen Izetbegovic-ek Daytonen (Estatu Batuetan) Kroaziako eta Serbiako lehendakariekin. Hitzarmen horretan aurreikusten ziren Bosniako hauteskundeak irabazi zituen 1996an. Bosnia-Herzegovinan lehendakaritza hirukoitza da (lehendakari bat Bosniakoa da, beste bat kroaziarra eta beste bat serbiarra), eta Izetbegovic izan da Bosniako lehendakaria, 2000ko urrian, adina zela-eta, dimisioa eman zuen arte.