izar
iz. Zeruan distiratzen ikusten den edozein argizagi, Eguzkia edo Ilargia izan ezik. Eguzkia, ilargia eta izarrak. Izarrak dirdika ari ziren. Izar geldiak eta kolokak. Izar iheskorra. Izar adasdunak: kometak. || Irud. Emazte maitagarria, gure etxeko izarra. || Izar egon. Izarrez betea egon. || Astron. Energia sortzen eta igortzen duen argizagia. || Izar multzo. Itxuraz era jakin batean agertzen diren eta izen berezi bat ematen zaien izarren taldea. ik. konstelazio. || Irud. Izarrak irudikatzen diren itxura duen gauzaki izpiduna. Sei puntako izarrak. || Zaldi baten kopetako zuriunea. || Ileak ateratzen diren gunea. || Izarka. adlag. Izarrak eratuz. v Astron. Gasez (% 90 -etik gora hidrogenoa maizenik) osatutako esfera beroa eta inkandeszentea, duen grabitazio indarrari esker osorik mantentzen dena, eta gutxinaka uzkurtzen dena. Irrada elektromagnetikoak igortzen ditu. Unibertsoak milioika galaxia ditu bere barnean, eta galaxia bakoitza ere milioika izarrez osatua dago. Inolako tresnaren laguntzarik gabe ikusten diren izar guztiak Donejakueko bidekoak dira, hots, gure galaxiakoak. Izarrak tamaina edo magnitudetan banatu izan dira, itxuraren eta distiraren arabera (izar batek duen itxurazko distira bere urruntasunaren araberako da; izar denak lurretik distantzia berdinera egongo balira, orduan magnitude absolutua edo benetako distira neurtuko litzateke). v Izarren lehen sailkapena Ptolomeok egin zuen K.0.-ko 150. urtean aztertu zituen 1022 izarrak sei magnitudetan sailkatu zituen. Ikus daitezkeen distiratsuenak, Sirio eta Vega adibidez, lehenengo magnitudekotzat hartzen ziren. Gaur egun Ptolomeoren garaian baino zehaztasun handiagoaz sailkatzen dira izarrak, eta magnitudeen eskala zenbaki negatiboetara zabaldu da: Sirio izarrak -1,6 magnitudea hartzen du adibidez, eta eguzkiak berriz -26,6. Telekospio handienak erabiliz, +19 eta +20 magnitudea duten izarrak ikus daitezke, eta zenbait ordutako esposizio denbora izanez gero, +22 magnitudeetako izarrak ikus daitezke, hau da, guztira 3.000 milioi bat izar; eguzkiaren eta fotografia daitezkeen magnitude handieneko izarren artean (+22), 50 magnitudeen arteko diferentzia dago, beraz, eguzkia +22 magnitudeko izar baten ondoan 1020 aldiz distiratsuagoa da. Magnitudeaz edo tamainaz gainera, badira izarren ezaugarri fisiko garrantzitsuak, kolorea eta espektrua, edota diametroa eta masa adibidez. Izarren kolorea zuri urdinxka eta gorrixka artekoa izaten da. Hertzsprung eta Russell astronomilariek aztertu zituzten izarren koloreak eta espektruak. Ikerketa horien emaitzak haien izeneko diagrama batean adierazten dira: ardatz bertikalean izarren argitasun absolutuak neurtu zituzten, eta horizontalean, berriz, espektru mota edo igortzen duten kolore mota: ezkerretatik eskuinera, moretik gorrixkara. Tenperatura garaienekoak more kolorekoak zirela eta txikienekoak berriz gorrixkak zirela frogatu zuten. Ezagutzen ziren izarrak, beren ezaugarrien arabera sailkatu eta gero, ez ziren zoriaren arabera irudikatzen, baizik eta diagramaren parte batean, sail nagusia izenekoan. Diagrama horren bitartez izarrak multzotan banatu ziren: erraldoi urdinak, oso beroak, handiak, argitsuak eta urdin kolorekoak; nano gorrixkak nahiko tenperatura apalekoak, txikiak, argitasun gutxikoak eta gorrixkak; erraldoi gorrixkak eta supererraldoiak, tenperatura gutxikoak, gorrixkak, eta oso tamaina handikoak; eta nano zuriak, txikiak, argitasun gutxikoak, eta kolorez zuri urdinxkak. Azken bi mota horiek sail nagusitik kanpo daude. Gaur egun teorikoki egiaztatu da izarren kolorearen eta tenperaturaren arteko erlazioa. Izar mota horiez gainera badira beste mota batekoak, nano beltzak izenekoak, erradiaziorik ere ez dutenak. Banaketa horren bidez ondorioztatu zen era desberdinetan aldaturiko izarrak zirela, hau da, izarrak sortzerakoan erraldoi gorrixkak izaten direla, eta gero uzkurtu egiten direla bolumena txikituz eta tenperatura handituz; azkenean nano gorrixkak forman denbora asko pasa ondoren, energia igortzeko ahalmenik gabe, nano beltz gisa bukatzen dute. Gaur egun teoria hori ez da ontzat hartzen; izan ere, ez da pentsatzen izar guztiak aldaketa bera izan dutenik. v Izarren diametroa zehaztea zaila da, teleskopio handienez puntuak bakarrik ikus baitaitezke, eta ez diskoak. Egun magnitude ahulak dituzten izarren diametroak neurtu ahal izan dira. Izarren masa zuzenean oso kasu gutxietan neur daiteke; adibidez, orbita eta distantzia ezagutzen den izar bikoitzen masa neur daiteke. Ikerkuntza teorikoen ondorioz, lortu da argitasunaren eta masaren arteko erlazioa zehaztea; ezagunak diren masa eta argitasunak, enpirikoki egiaztatu dituzte ikerketa teorikoak. v Izarrak masari, tamainari, tenperaturari, adinari eta argitasunari buruzko oso ezaugarri desberdinak dituzte. Masari dagokionez, eta eguzkiaren masa oinarri harturik, eguzki masaren hamarrena gutxieneko muga izanik, eta 50 aldiz handiagoko masa, berriz, gehieneko muga, izarren % 90a bi muga horien artean kokatzen dira. Izar argitsuenak (supernovak ezik), eguzkia baino milioi bat aldiz indartsuagoak dira gutxi gorabehera, eta argitasun txikiena dutenek, berriz, eguzkiaren ehunen bateko indarra dute. Gorrixka erraldoiak, izarrik handienak, tamainari dagokionez eguzkia baino ehunka aldiz handiagoak dira. Nano zuriak berriz ez dira Lurra baino handiagoak eta neutroi izarrek, kilometro batzuetako erradioa baizik ez dute. Izarren erdiguneek milioietako tenperaturak jasaten dituzte. Tenperatura horretan energia hidrogenoaren fusioaz sortzen da, helioa sortuz. Energia nuklearra izarraren geruzara iristen denean argi ikusgarri bilakatzen da, eta oso gor-putz bero batek duen espektru berezia izaten du. Eguzki sistematik hurbilen dagoen izarra, a Centauri edo alfa centauro, gutxi gorabehera eguzkitik 4,3 argi urtera dago. v Izarren bilakaera. Hidrogenoz eta hauts partikulez osatutako izar arteko hodi lodi edo trinko bat bere grabitazioaren mendean erortzen denean sortzen dira izarrak. Hodeia trinkotzen den eran, bere dentsitatea eta barneko tenperatura areagotu egiten dira, inkandeszente izan arte. Maila horretan izarrak grabitazio hertsidurak sortutako energiari esker du distira. Izarraren erdigunean tenperaturak gorantz egiten du zenbait milioi gradutara, eta deuterioa (hidrogeno astuna) hausten da; geroago litioa, berilioa eta boroa helio bihurtzen dira. Izarraren erdiguneko tenperaturak gorantz egiten du, erreakzio termonuklearrak eusteko adina. Egoera horretan, izarrak hertsitzeari uzten dio eta beste fase batean sartzen da. Fase horretan igarotzen ditu bere bizitzako urterik gehienak. Denbora joan ahala, izarraren egitura kimikoa aldatu egiten da. Barnealdeko hidrogenoa helio bihurtzen da eta erdiguneko tenperatura gutxinaka jaisten da. Egituran izandako aldaketek ere izarren tamainan eta argitasunean eragina dute. Izarraren erdiguneko hidrogeno guztia agortzen denean eta erdigunea soilik helio inerteaz osatua dagoenean, energia ekoizpena izarraren erdigunea inguratzen duen geruza fin batean hasten da. Izarraren nukleoa gero eta handiagoa bihurtzen da, eta izarraren tamaina aldiz gero eta txikiagoa. Izarraren kanpoaldeko geruzak hoztu eta zabaldu edo hedatu egiten dira, eta izarra gorri kolorekoa bihurtzen da. Era berean, trinkotzen ari den nukleoko energiak inguruko hidrogenoa berotzen du, eta horrek erreakzio nuklearrak eta argitasuna areagotzen ditu. Izar baten bilakaeraren azken etapak bi faktoreren araberakoak dira: izarraren masa eta izarra sistema bitar bateko osagaia izatea ala ez izatea. Eguzkiaren masa bider 1,4 beherako masa duten izarrak izar erraldoi gorrixka izatetik, izar nano izatera igarotzen dira; kanpoko geruzak desagertu egiten dira eta azpian uzten dituzte erdigune trinkoak eta beroak; erdigune trinko horiei izar nano deritzaie eta denbora batez inguruan izaten duten gas hedakorrari berriz nebulosa planetarioa. Izar sistema bitarreko izar batek erraldoi izatetik nano izatera pasatzean askatzen dituen kanpo geruzetako materialak erraldoi bilakatzen ari den beste izar batek jasotzen ditu; material horiek izar zuri txikien gainazalean metatzen dira eta metatze horrek batzuetan erreakzio termonuklearrak sortzen ditu; izarra nova bilakatzen da erreakzio termonuklearrek sorturiko energiak, leherketa labur baina gogor batean, metaturiko materia deusestatzen dutenean. Izar bakunak, eguzkiak baino bost aldiz masa handiagoa duenak, fusioaren bidez energia sortzen jarrai dezakete nahiz eta dituen hidrogeno errekinak agortuta egon, bere grabitazio energia potentzialak, barnealdean presio eta tenperatura garaiak sorrarazten baitizkio; modu horretan burdina bezain elementu gogorrak sor ditzake bere nukleoaren barnean. Horrelako izar astun baten kanpoko geruzak supernova baten antzera lehertzen dira, eta zenbait hilabetetan zehar izar normal batek baino 109 aldiz argitasun gehiago izaten dute. Supernova leherketaren ondoren, izarraren barnealdeak neutroi izar baten antzera jarraitzen du. Izar mota horiek Eguzkiak baino dentsitate askoz ere handiagoa dute eta diametroa, berriz, 20 eta 50 km-en artekoa soilik. Neutroi izar askok irrati irrada igortzen dute, bulkada laburretan eta tarte erregularretan. Arruntki izar horiei pulsar esaten zaie. Supernova-ri gelditzen zaion masa eguzkiaren masa baino bi edo hiru aldiz handiagoa bada, eta bere barnerantz biltzen jarraitzen badu, grabitazio indar handiko eremu bat sortzen da, non inolako materia edo energia formarik, ezta argiak ere, ezin baitu ihes egin; hau da, zulo beltz bat sortzen da. v Izar bitarra eta izar sistema bitarra. Grabitazioz elakar erakartzen duten bi izar; grabitazio ardatz baten inguruan biraka aritzen dira. Bi motatako izar bitarrak daude: teleskopio optikoaz azter daitezkeenak; eta bitar espektroskopikoak, espektru lerroen bidez aztertzen direnak. Oso ezagunak dira Sirio eta Procion izar bitarrak. v Izar arina. Tamaina txikiko meteoritoa. Lurraren atmosferan sartzerakoan berotu egiten da eta argitsu bihurtzen. v Neutroi izarra. Dentsitate handiko izarra (Eguzkiaren masa 10 km-tako erradioan), masa batik bat neutroiez osatua izaten duena, oso endekatua; neutroi izarrak dituen presio handiak, elektroiak eta protoiak elkartzen ditu eta hala neutroiak sortzen dira. Izar pulsarrak eta X izpien zenbait iturri neutroi izarrak dira seguruen, supernoven leherketen hondarrak alegia.