Iturbe Maiz, Arantxa
Gipuzkoar idazlea (Alegia, 1964). Informazio-zientzietako ikasketak egin zituen Nafarroako Unibertsitatean. Euskadi Irratian egiten du lan, kazetari gisa. Goizean Behin saioan esatari eta zuzendari moduan egindako lanagatik Kazetaritzako Rikardo Arregi saria jaso zuen 2000. urtean. Horretaz gainera, iritzi-zutabeak idazten ditu hainbat egunkaritan. Bere idatziek gizakien arteko harremanez dihardute batez ere. 1992an Ezer baino lehen ipuin bilduma argitaratu zuen, eta urte horretan bertan Euskadi Irratiak haren Maite, maite, maitea antzezlana eman zuen irrati nobela gisa. 1995ean beste ipuin bilduma bat argitaratu zuen: Lehenago zen berandu. Bere ipuinek pertsonen arteko harremanez dihardute batez ere, eta emakumeak dira protagonista nagusi. 1999an, Ai ama! saiakera laburrean, amatasunaren gaineko burutapenak plazaratu zituen, topikoak hauste aldera. Lan hori antzerkirako moldatu zuen Agurtzane Intxaurragarekin batera, eta HIKA taldeak antzeztu zuen 2001ean.