Itsasu
Lapurdiko hegoaldeko udalerria, Ezpeletako kantonamenduan, Mondarrain eta Artzamendi mendien oinetan. Itxassou du izen ofiziala. Mugak: iparraldean, Larresoro eta Kanbo; ekialdean, Makea, Luhuso eta Bidarrai; mendebalean, Ezpeleta, eta hegoaldean, Bidarrai eta Baztan (Nafarroa). 39,27 km2. 1999ko datuen arabera, 1815 biztanle (itsasuarrak). Auzo nagusiak: Zubeleta, Zuheleta, Errobisala, Plaza eta Itsasu. Errobi ibaiak zeharkatzen du udalerria. Euskara, behe-nafarrera; euskaldunak, % 80. Nekazaritza (bazkarako landareak, artoa, ardi eta behi azienda) eta zerbitzuak (turistentzako azpiegiturak, kirol hegazkinak, oinarrizko zerbitzuak) dira bertako ekonomia jarduera nagusiak. Aipagarriak dira bertako hilerriko XVI-XVII. mendeko hilarriak. Itsasuko herrian dago Atheka Gaitz izeneko arroila. v Historia. Erdi Aroko zenbait dokumentutan Lesaca izenaz ageri da Itsasuko herria. 1794. urtean, erbestera eraman zituzten Frantziako Konbentzioko osteek Itsasuko biztanle gehienak, Sarako eta Azkaineko herrikoekin batera. Itsasuko Ageria izeneko agiri abertzalea sinatu zen Itsasun 1963. urtean, Enbata erakundearen lehen kongresuaren ondoren.