Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Itoitz

Nafarroako Longida udalerriko kontzejua. ik. Longida.  v  Itoizko Urtegia. Nafarroako Longida udalerrian, Iruñetik 20 kilometrora, Urrobi eta Irati ibaietako urak biltzeko eraiki nahi den urtegia. Urtegiaren ezinbesteko osagarri da ura bertatik Nafarroako Foru Erkidegoko nekazaritza lur lehorretara eramango duen Nafarroako ubidea. Azken urteotan Euskal Herrian liskar gehien sortu duen azpiegitura da Itoizko urtegia, ingurumenaren aldeko talde guztiak bat etorri baitira horren eragin kaltegarria eta arriskuak azpimarratzerakoan. Aurkako ekintza ugari eragiteaz gain, prozedura judizial nahasietan korapilatu da azken urteotan urtegiaren ingurukoa. ■ Urtegiaren aurreproiektua 1985eko maiatzean aurkeztu zuen Nafarroako Gobernuak, eta handik gutxira sortu zuen urtegiaren aurkako borrokan aitzindari eta eragile nagusi den Itoizko Urtegiaren aurkako Koordinakundea. Aurreproiektua aurkeztu zenetik egitasmoaren ezaugarriren batzuk aldatu badira ere, funtsezkoek hasierakoan diraute. Proiektuak bi osagarri nagusi ditu, Itoizko Urtegia eta Nafarroako ubidea. Urtegiari dagokionez, Agoiztik Nagorera doan lepoan ari dira eraikitzen, Itoizko lepoan. Inoiz betetzen bada, bi bailara hartuko ditu urak, Artzibargoa eta Longidakoa, Urrobi eta Irati ibaien artean daudenak, alegia. Hainbat herri –horietako lau, Itoiz barne, bizilagunak dituztenak– eta hiru naturgune babestu –saien bizileku diren Iñarbe, Gaztelu eta Txintxurreneako haitzak, hain zuzen– estaliko lituzkete urek. Urtegiak 1.097 hektareako hedapena izango du, eta gehieneko edukiera 418 hm3-koa izango da. Proiektuak 590 metroko kuota gorena aurreikusten bazuen ere, Auzitegi Gorenaren epai baten arabera 510 metrora mugatu zen hori, naturgune babestuak gutxiago kaltetzeko. Presak, berriz, 135 metroko garaiera, horietako 122 agerian, eta 525 metroko zabalera du. Egina dago jada, eta 30.000 milioitik gorako kostua izan du, gobernu zentralaren Sustapen ministerioak ordainduak. Urtegian bilduko den ura Nafarroako ubideak eramango du hegoaldeko nekazaritza lurretara, eta jarduera industrialak kokatzeko abagunea ere eskainiko du. Ubideak 167 kilometro izango ditu guztira –aurrenekoak eginda daude, eta gainerako zatiak esleitzeko deialdia ere bai–, eta ia 60.000 hektarea ureztatzeko adina ur eramango omen du, Nafarroako 350.000 lagun urez hornituz. 104.000 milioi pezetako aurrekontua du urtegia egin ezean ezertarako izango ez den ubideak. ■ Urtegiaren proiektu teknikoa 1990ean aurkeztu zuen Nafarroako Gobernuak, aurreproiektua aurkeztu eta bost urtera, eta ingurumenean izango zuen eraginari buruzko ikerketarik egin gabe. Urtegiaren aurkako errekurtsoa 1991ko urtarrilean aurkeztu zuen Koordinakundeak Auzitegi Nazionalean, eta handik urte eta erdira Europar Batasunean. Urtegiko lanak 1993ko maiatzean hasi ziren, eta 1995ean Nafarroako ubideari zegozkionak. Artean, atzera bota zuen 1994an Europar Batasunak Koordinakundearen kexua. 1995eko irailean Entzutegi Nazionalak urtegia legez kanpokoa esan zuen sententzia batean. Epaiaren arabera, ez zuen justifikaziorik ezta egitasmoa babesten zuen plan hidrologikoak ere, eta hiru naturgune babestu ureztatzen zituen. Egun gutxira jo zuten epaiaren kontra urtegiaren aldekoek, eta lanak geldiaraztekotan fidantza ezar zedila eskatu zuten. Hala egin zuen Auzitegi Nazionalak, eta 24.071 milioi pezetako bermea eskatu zien urtegiaren aurkako errekurtsoa jarri zutenei 1996ko urtarrilean. Une berean, Itoizko urtegia bere osotasunean betetzea ahalbidetzen zuen Naturguneak Babesteko lege berria onartu zuen Nafarroako Parlamentuak. Lege hori epaia saihesteko trikimailua zelakoan, bi hilabeteren buruan Auzitegi Nazionalak legearen konstituzionaltasunari buruzko iritzia eman zezan eskatu zion Auzitegi Konstituzionalari. Horrez gain, 13.000 milioitara murriztu zuen fidantza eta debekatu egin zuen urtegia betetzen hastea. Auzitegi Gorenak, bestalde, interpretazio ugari izan dituen sententzia bat eman zuen 1997ko uztailean. Sententzia hark, nolanahi, asko murrizten zuen urtegiak har zezakeen ur kopurua inguruko naturguneak babestearren. 2000ko urtarrilean, Auzitegi Konstituzionalak Naturguneen Babeserako Legearen gaineko epaia eman gabe zeukanez, gelditu egin zituen lanak Nafarroako Gobernuak. Azkenik, 2000ko martxoan, konstituzionaltzat jo zuen Auzitegi Konstituzionalak Itoizko urtegia ureztatzea ahalbidetzen zuen lege nafarra. Urtegiaren aurkako Koordinakundeak epaia Estrasburgoko Auzitegiaren aurrean errekurtsoa aurkeztuzko zuela iragarri zuen, borroka judiziala luzatuz. ■ Bitartean, urtegiaren arriskuen inguruko txosten eta azterketa kezkagarriak plazaratu dira, eta urtegiaren aurkako mugimenduak ekintza ugari bideratu ditu. Solidarioek nazioarteko foro askotara eraman dute euren kanpaina, nahiz eta ekintzarik deigarriena 1996ko apirilean egin zuten sabotajea izan. Orduko hartan, porlana garraiatzeko kableak moztu zituzten presaren inguruan, eta eragindako kalteen ondorioz bederatzi hilabetez egon ziren lanak geldirik. Nafarroako Probintzia Entzutegiak lau urte eta hamar hilabeteko kartzela zigorra ezarri zien zazpi solidarioei, eta 1999an sententzia berretsi egin zuen, errekurtso gehiagorako bideak itxita, Auzitegi Gorenak. 2001eko otsailean, bide judiziala erabat itxita ez badago ere, aurrera darraite urtegiaren eta ubidearen lanak.