Ito, Toyo
Japoniar arkitektoa (1941). 1965ean amaitu zituen arkitektura ikasketak, Tokion. 1971n bere estudioa sortu zuen. “Japoniar uhin berria” izeneko arkitektoen belaunaldikoa da, Tadao Ando, Arata Isozaki edota Kisho Kurokawa bezala. Arata Isozakiren eragina nabari zaio eta baita bere irakasle izan zen Kazuo Shinohararena ere. Toyo Itoren arkitektura muturreko teknologiaren zerbitzura dago eta organikoa da; berak dioenez, arkitektura moderno ankerraren aurkako protesta da. Bere lan askotan, bera bizi den etxean, Zilarrezko Txabolan (1984), esate baterako, nabaria da kultura primitiboekiko duen interesa, nomadekikoa, batik bat. Interes hori klimaren zenbait ezaugarri –bere arkitekturan beti ageri den haizea, esate baterako–, tratatzeko duen eran nabarmentzen da. Bere obra urbanorik handiena Nagoyako PMT eraikina da (1978). Interesgarriak dira, era berean, Sapporoko gonbidatuen etxea (1989), garagardo fabrika baten azpian kokatua eta lurzoruaren topografiari egokitua; edota Haizeen dorrea (1986), Haizeen eklipsea (1989), Aluminiozko etxea (1971), Nomaden Kluba (Tokio, 1989), eta Yatsuhiro Museoa (1991). Haizeen dorrea eta Haizeen eklipsea dira bere lanik adierazgarrienak; egiazko eskultura urbanoak dira eta bietan teknologia berriak, argia eta irudia hertsiki loturik daude arkitekturarekin.