Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Italia

(Izen ofiziala, Italiako Errepublika; It., Repubblica Italiana). Europako hegoaldeko errepublika. 301.230 km2 eta 59.762.887 biztanle (2008, italiarrak). Mugak: iparraldean, Suitza eta Austria; ekialdean, Eslovenia eta Itsaso Adriatikoa; hegoaldean, Itsaso Jonikoa eta Mediterraneoa; mendebaldean, Tirreniar Itsasoa, Liguriarra eta Mediterraneo itsasoa; eta ipar-mendebaldean, Frantzia. Hiriburua: Erroma (2.823.201 biztanle (2007), erromatarrak). Etniak: italiarrak (% 94), sardiniarrak (% 3), besteak (% 3). Erlijioa: katolikoa (% 98). Hiri nagusiak: Erroma, Milan, Napoli, Turin, Palermo, Genoa, Bolonia, Florentzia, Catania, Bari, Venezia. Hizkuntza: italiera (ofiziala), alemana (ofiziala Hego Tirolen) eta frantsesa (ofiziala Val d'Aostan). Dirua: euroa. ■ Lurraldea. Po ibaiaren ordokia, iparraldean, herrialdeko ekonomia jardueren erdigunea da eta industria- eta nekazaritzagune nagusia. Penintsulan zehar, Apenino mendiek alderik alde zeharkatzen dutela, abeltzaintza eta nekazaritza (olibondoak eta mahatsondoak) dira jarduera nagusiak. Hego muturreko kostaldean ere mahatsa lantzen da gehienbat. Italiar penintsula osoaz gainera, Italiako estatuak bi uharte handi –Sizilia eta Sardinia– eta beste txikiago batzuk hartzen ditu. ■ Biztanleak. Herrialdea bi eskualdetan banatu ohi da: iparralde hiritarra (iparraldeko mugaren eta Anconako portuaren artekoa) eta hegoalde nekazaria. Iparraldean daude hiri nagusi eta jendetsuenak (biztanleria osoaren ia bi herenak). Hegoaldean nekazaritza da bizibide nagusia, ekonomia askoz atzeratuagoa dago iparraldean baino, eta askoz jende gutxiago bizi da. Ia biztanle guztiek italiera erabiltzen dute. Iparraldean, Bolzano aldean, Austriako mugatik gertu, alemanez hitz egiten da, eta Val d'Aostan frantsesa. Hizkuntza horiez gainera, toki batzuetan albaniera, ladinoa, katalana, friuliera, sardiniera, kroaziera eta grekoa ere hitz egiten dira. Italiako hiri nagusia hiriburua da, Erroma. Hauek dira gainerako hiri nagusiak: Milan –lehen mailako industria- eta ekonomiagunea: 1.308.735 biztanle (2004)–; Napoli –trafiko handieneko portuetako bat: 975139 biztanle (2007)–; Palermo –Siziliako hiriburu eta portu nagusia: 663.173 biztanle (2008)–; Turin –industriagunea eta garraio sareko bidegurutze nagusia: 905.209 biztanle (2007)-; Genoa –Italiako portu nagusia eta lehen mailako merkataritzagunea: 615.686 biztanle (2007)–; Bolonia –merkataritzagune inportantea: 374.057 biztanle (2008)–; Florentzia –industria, merkataritza eta kulturagunea: 365.966 biztanle (2007)–; Katania –Siziliako industria eta merkataritza hiria: 301.564 biztanle (2007)–; Bari –merkataritzagunea: 365.052 biztanle (2007)–; eta Venezia –garrantzi handiko portua eta industria eta kulturagunea: 268.934 biztanle (2007)–. ■ Ekonomia. Bigarren Mundu Gerra aurretik Italiako ekonomiaren oinarri nagusia nekazaritza zen lurralde osoan. Gaur egun, industria sare zabala eta askotarikoa du, iparraldean batez ere. XX. mendearen azken hamarraldian industriak barne produktuaren % 32 sortzen zuen; merkataritza eta finantzek % 4; nekazaritzak % 9; eta zerbitzuek % 55. Industria gehiena sektore pribatuaren esku dago, baina gobernuak kontrolatzen ditu industria eta merkataritza enpresa handiak, petrolio industria adibidez. Komunikazio eta garraiobide nagusiak ere estatuaren kontrolpean daude. Hegoaldean ekonomia arazo nagusia da iparraldea baino askoz atzeratuago dagoela industrializazio prozesuan. Gobernuaren ahaleginak ahalegin, prozesu horrek arazoak izan ditu mafiaren jarduera dela-eta, enpresa asko beste nonbait kokatzera behartu baititu. Industriarik ezak, gainera, hegoaldetar asko lan bila iparraldera emigratzera behartu ditu. ■ Lurraldearen % 60 inguru nekazaritzarako edo abereak bazkatzeko erabiltzen da. Langileen % 7 lehen sektorean aritzen da lanean. Italiako klima, lur mota eta garaiera desberdinek era askotako gaiak lantzeko aukera ematen dute, baina batez ere mahatsa, olibak eta olioa ekoizten dira. Italia da munduko ardo, oliba eta olio ekoizle handienetako bat. ■ Bigarren Mundu Gerraz geroztik Italiako industria azkar eta asko aurreratu da. Hauek dira industria jarduera nagusiak: ehungintza, kimika industria, autoak, metalurgia, plastikoa, makina astunak, tresna elektrikoak eta janari industria (pasta). Ontziolek, tabakoak, kalamuak eta azukre erremolatxak ere garrantzi handia dute. Industriagune nagusiak Genoa, Milan, Erroma eta Turin dira. ■ Italiak gasa, ikatza eta petrolioa inportatzen du energia sortzeko. Energia elektrikoaren hiru laurdenak zentral termikoetan ekoizten ditu, petroliotik eratorritako gaiak, gas naturala, ikatza edo lignitoa errez. Gainerakoa zentral hidroelektrikoetan lortzen du. ■ Historia. ■ Administrazioa eta gizartea. Italiak errepublika egitura du. Azken konstituzioa 1948an onartu zen. Italiako sistema politikoa Europako gainerako demokrazien antzekoa da. Ahalmen legegilea Parlamentuaren esku dago, eta bi ataletan banatzen da: Diputatu ganbera eta Senatua. Lehendakaria zazpi urtez behin aukeratzen da, bozketen bidez. Bigarren Mundu Gerraz geroztik bi alderdi politiko nagusiak Kristau Demokrazia eta Alderdi Komunista dira. Italia hogei eskualdetan banatua dago, batu aurretik zuen banaketan oinarrituta. Eskualde horietatik bostek besteak baino autonomia handixeagoa dute: Aostako harana (hiriburua, Aosta), Trentino-Adigio Garaia (Trento) eta Friuli-Venezia Julia (Treste) iparraldean, gizarte eta hizkuntza ezaugarri bereziak dituztenak, eta Sardinia (Cagliari) eta Sizilia (Palermo).  v  Italiako langileek gizarte segurantzaren laguntza dute haurra egin ondoren, gaisorik daudenean, ezintasun aldietan edo langabezian daudenean, eta estatuak ordaintzen du sendagaien parte bat. Osasun baldintzak Europako mendebaleko nazioen antzekoak dira. Eritasun kutsakor gutxi dago eta sendagile eta erietxe aski da. Irakaskuntza orokorra eta doakoa da 6-14 urteetan; elizaren eskuetan daude ikastetxe asko.  v  Artea eta kultura. Italiak artearen eta kulturaren alor guztiei (arkitekturatik hasi eta zinemaraino) egin dien ekarpena askotarikoa da, aberatsa eta aspaldikoa. Italian dago Sartaldeko kulturaren oinarria, Erromak zabaldu baitzuen kultura horren abiapuntu den Greziako zibilizazioa. Italiako artean aldi nagusi hauek bereizi ohi dira: erromatarren antzinateko zibilizazioak greziarren eta etruskoen lanetan oinarri hartuta ondu zuen estiloa, K.a. VIII m-tik K.o IV m-ra (ik. Erroma), erromanikoa, X. mendearen bukaeran hasi eta XIII. mendea bitartean (Pisako katedrala, bataiategia eta dorrea; ik. erromaniko), Errenazimentua, antzinateko Grezia eta Erroma eredutzat hartuta Erdi Aroaren bukaeratik XVI. mendearen bukaeraraino bitarteko higikundea (Leonardo da Vinci, Michelangelo, Dante, etab; ik. Errenazimentua), eta barrokoa, XVI. mendean Italian sortu eta XVIII. mendea arte garrantzi handia izan zuena Europa osoan (ik. barroko).         
 v  Literatura. XV. mendeko idazle nagusiek –Dante Alighieri, Petrarka eta Giovanni Boccacciok– Toskanako dialektoa erabili zuten literaturan, eta hala, haien eredua nagusitu zen eta Italiako hizkuntza landua bihurtu zen gero. Errenazimentuko idazleen ondoren –Ludovico Ariosto eta Torcuato Tasso olerkariak, Nicola Maquiavelo eta Francesco Guicciardini saiogileak– literatura produkzioa asko murriztu zen, baina idazle erromantikoei esker Italiako hizkuntza berriz piztu zen eta batasuna eman zitzaion. Idazle erromantikoen artean, aipatzekoak dira Vittorio Alfieri poeta tragikoa, Ugo Foscolo ideologia iraultzailearen sortzailea, eta Alessandro Manzoni eleberrigilea; azken honen I promessi sposi (Senar-emaztegaiak) XIX. mendeko eleberrigintzaren ardatz izan zen. XX. mendearen hasieran Italian bertan sortu, hazi eta hedatu zen futurismo deritzan arte higikundea: Filippo Tommaso Marinetti, futurismoaren sortzailea berau, Giovanni Papini, etab. Bestalde, Luigi Pirandello eleberri eta antzerkigilea ere aipatzekoa da, ordu arteko antzerkiari itxura berri bat eman baitzion. Bigarren Mundu Gerraren ostean beste idazle belaunaldi bat sortu zen: Cesare Pavese, Elio Vittorini, Vasco Pratolini eta Alberto Moravia. XX. mendeko bigarren erdiko idazleen artean, berriz, aipatzekoak dira Carlo Cassola, Italo Calvino, Giorgio Bassani, Eugene Montale, Leonardo Sciascia, Pier Paolo Pasolini eta Umberto Eco.  v  Pintura. Errenazimentuaz geroztik Italiako artea eredu izan zen Europako artista guztientzat. Hala ere, XIX. mendean, Europako artea Frantzia aldera mugitu zenean itzali egin zen Italiaren nagusitasuna. XX. mendearen hasieran, futurismo higikundearen sorrerarekin batera, susperraldi bat izan zuen Italiako arteak (ik. futurismo). Pintore talde batek, Giacomo Balla eta Umberto Boccioni tartean, berrikuntzak ekarri zituzten Italiako pinturari, eta irudiak zatituz mugimendua eta lastertasuna irudikatzen saiatu ziren. Surrealismoaren ahaide den pintura metafisikoan, aldiz, Giorgio De Chirico eta Giorgio Morandi gailendu ziren.  v  Arkitektura. Errenazimentu garaiko arkitektura nagusia eta barrokoaren garaikoa Italian sortu zen. ik. errenazimentu, barroko. 1927. urtean higikunde arrazionalista bat sortu zen Italian, eta talde horren jarraitzaileek (Pier Luigi Nervi) ingeniaritzako obra handiak eta ederrak egin zituzten (ubideak, autopistak, urtegiak). XX. mendearen erdialdean Italiako arkitektoen marrazkiak aitzindari ziren mundu osoan.  v  Musika. Italiak musikari egin dion ekarpena arte plastikoei egindakoari bezain garrantzitsua da. Claudio Monteverdi eta Carlo Gesualdoren “madrigalak”, Giovanni Pierluigi da Palestrinaren eta Erromako eskolaren eliza musika, XVII. mendean Florentzian sortu eta laster Veneziara, Napolira eta Erromara zabaldu zen opera, eta musika sinfonikoa, concerti grossi-ak, sonatak eta abar guztiak dira Italian sortuak. Italiari “musikaren aberria” deitura eman izana asko eta asko musikagile itzal handikori zor zaio: Domenico Scarlatti, Girolamo Frescobaldi, Tomaso Albinoni, Arcangelo Corelli, Antonio Vivaldi etab. XIX. mendean operak gailurra jo zuen Gioacchino Rossini, Gaetano Donizetti, Vincenzo Bellini, Giuseppe Verdi eta maisu hauen jarraitzeleak izan ziren Pietro Mascagni, Giacomo Puccini eta Rugiero Leoncavallorekin. XX. mendean, berriz, musika sinfonikoak bultzada berri bat izan zuen Ottorino Respighi, Luigi Dallapiccola, Luigi Nono eta Ricardo Malipierorekin.  v  Zinema. Italiak berebiziko garrantzia du zinemaren historian. Bigarren Mundu Gerra ostean neoerrealismoa sortu zen Vittorio De Sica eta Roberto Rossellini zuzendariekin, eta urte haietako filmetan munduak Italiaz izan duen ikuspegia agertu zen. Italiarren asmamena, bizitza eta herri xehearen adierazpenak maisuki islatu izan dira film horietan. Ondorengo urteetan errealismo hutsa edo neurrigabeko fantasia lantzen duten filmak egin izan dira. Zinema zuzendarien artean, aipatzekoak dira Luchino Visconti, Federico Fellini, Cesare Zavattini, Pier Paolo Pasolini, Franco Zeffirelli, Michelangelo Antonioni eta Bernardo Bertolucci, eta izen handiko zinema antzezleak dira, beste askoren artean, Sofia Loren, Marcello Mastronianni, Vittorio Gassman eta Vittorio de Sica.  v  Historia. Paleolito garaiko aztarrenek (duela 100.000 urte inguru) gaur Italia den lurretan gizona bizi izan zela frogatzen dute. Burdin Aroko herriak (retiarrak, ligureak eta etruriarrak) Indoeuroparra ez zen hizkuntza batez mintzatzen ziren. K.a. 2.000-1.000 urte bitartean herri indoeuroparrak sartu ziren oldetan (oskoak, umbriarrak, iliriarrak eta zeltak) Italiako penintsulan, eta bertakoekin nahasi ziren. Antzinako herri haietatik etruriarrak nabarmendu ziren, Tiber eta Po ibaien arteko lurraldea bere mendean izan baitzuten. Halaber, K.a. 1.000 urte inguruan, greziar itsasgizonek koloniak sortu zituzten hegoaldean: Siracusa, Agrigento, Catania, Tarento, Ischia, etab. K.a. 753. urtean sortu zen Erroma, eta etruriarren mendean egon ondoren, askatasuna lorturik, beste lurralde batzuk beretzen hasi zen; K.a. II. mendean Italica penintsula oso osorik berea zuen. ik. Erroma.  v  Erdi Aroa. Erromako inperioa desegin zenean (476. urtean), ostrogodoak sartu ziren Italiako penintsulan. VI. mendearen erdialdera Bizantzioko Justiniano enperadorearen gudarosteek ostrogodoak menderatu zituztelarik, haren inperioaren exarkerri bilakatu zen Italia, Ravena hiriburu zuela. Handik urte gutxira, 586tik aurrera, lonbardiarrek herrialde haren iparraldea hartu zuten. Alabaina, bizantziarrek kostaldeko lurralde askotan segitu zuten. Lonbardiarren eta bizantziarren arteko borroketan Erromako aita santuek zuhur jokatu zuten, oreka bilatu nahian, eta bien bitartean haren ahalmen politikoa eta militarra gero eta handiagoa bihurtu zen. Hala, VIII. mendean, frankoek aita santuaren gudarosteekin bat eginik lonbardiarrak menderatu zituzten. 800. urtean Inperio Santua sortu zen, Europari politikan eta erlijioan egitura berria eman ziona, Leon III.a Aita Santuak Karlomagno enperadore izendatu zuenean (ik. Germaniako Erromatar Inperio Santua). Bestalde, arabiarren ahalmena gero eta handiagoa zen Mediterraneoan: Sizilia musulmanen mendean egon zen IX-XI. mendeetan, eta 846. urtean Erroma sakailatu zuten. XI. mendearen lehen urteetan, Aita Santuen eta enperadorearen arteko tirabirak areagotu ziren, eta horren ondorioz Italiako feudoak gero eta ahulago bihurtu ziren; aldiz, itsasaldeko hiriak eta merkataritzara emanak zirenak indartu egin ziren. Hain zuzen, Italiako Erdi Aroko ezaugarrietako bat hiri horien arteko guduak eta liskarrak dira (ik. guelfoak eta gibelinoak). XIV. mendean, iparraldean, estatu txikiak sortu ziren, hiri nagusiak (Milan, Turin, Verona, Venezia, Florentzia) ahulenak beretzen hasi zirenean.  v  XV. mendean Frantziako Karlos VIII.a erregearen osteak Italian sartu ziren eta frantsesen eta espainiarren arteko borrokaleku bihurtu zuten, harik eta 1559an ia Italia osoa mende t’erdiz espainiarren eskuetan geratu zen arte. XV. mendean Italiako arteak gailurra jo zuen, baina urte gutxiren buruan burgesiaren aberastasunak hondoa jo zuen, frantses eta espainiarren inbasioen ondorio larriengatik ezezik turkiar otomanoak zabaltzen hasi eta ekialdearekiko merkataritza eten zutelako; izan ere, ekonomiaren erdigunea Mediterraneotik Europako iparraldera eta ekialdera aldatu zen. 1710-14 bitarteko urteetan Espainiako Oinordekotzako gerra izan zen, eta haren ondorioz Espainiak, besteak beste, Milan, Sardinia eta Napoli galdu zituen, eta austrariarren mendean geratu zen Italia. Frantziako Iraultzaren ondoren Napoleonek sartu-irten asko egin zituen Italiara: austriarrak garaitu zituen, Venezia eman zion Austriari, errepublika berriak sortu zituen, eta 1805. urtean Italiako erreinua sortu zuen. Napoleon aginpidetik kendu ondoren, Vienako Kongresoak lurraldea estatu txikitan banatu eta absolutismoa ezarri zuen berriro (1815).  v  XIX. mendea: Risorgimento-a eta lurraldearen batasuna. Vienako Kongresoa egin zen urte berean, Frantziako Iraultzako ideiak akuilatuta, Italiako intelektualak absolutismoa baztertzen ahalegindu ziren: Risorgimentoaren hasiera zen. Absolutismoa desagerraraztea eta Italiako nazio batasuna lortzea azken buruan gauza bera zela aldarrikatzen zuen higikundea sortu zen. 1820-21ean matxinadak piztu ziren Sizilian, Napolin eta Piamonten, baina europar estatu absolutisten Aliantza Santuak zapaldu zituen. 1831ean Giuseppe Mazzini-k, Risorgimentoko teorizatzaile nagusiak, Italia Gaztea erakundea sortu zuen erbestean, eta haren ideiak Italia osora zabaldu ziren. 1848. urtean matxinada piztu zen Milanen, eta hasieran Italia osoa Piamonteko Karlos Alberto erregeari austriarren aurka egiteko laguntzeko prest agertu bazen ere, azkenean, haren ahalmena gehiegizkoa izan zitekeelako beldurrez laguntza ukatu zioten eta galtzaile atera zen. Austriak, berriz ere, bere estatuak nahi bezala antolatzeko ahalmena zuen. Erroman ere matxinada hasi zen; Aita Santuak ihes egin zuen, baina Frantziako gudarosteei esker berriro eskuratu zuen aginpidea. 1848-49ko iraultzen ondoren Piamonteko estatua zen konstituzio liberala zuen bakarra. Italiar nazionalistek, Piamonteko gobernuburu zen Cavour kondearen gidaritzapean, Vittorio Emmanuele II.a erregeagan (hots, Karlos Albertoren semearengan) jarri zuten beren uste osoa indenpendentzia eskuratzeko. Cavour-ek frantsesen laguntza lortu zuen eta 1859ko apirilean Austriaren kontrako gerrari ekin zioten: Milan eskuratu zuten austriarrengandik, Toskana, Romagna eta Parmako eta Modenako dukerriak beren borondatez lotu zitzaizkion Piamonteko erreinuari, eta Giuseppe Garibaldiren eskutik jaso zituen hark askatu berri zituen Napoli eta Sizilia (ik. Garibaldi, Giuseppe). 1861eko martxoaren 17an Italiako erreinua sortu zen, baina artean, Venetoa eta Aita Santuaren Estatuak falta ziren batasun osoa lortzeko. Hala, Prusiarekin bat eginik, Austriari aurre egin eta Venetoa eskuratu zuten. 1870ko irailaren 20an, frantsesak ahuldurik zeudelarik prusiarren kontrako gerra galdu ondoren, eta Erroma ia osterik gabe zegoela, italiar gudarosteak Erroman sartu eta beretu zuten. 1878. urtean Humberto I.ak hartu zuen Vittorio Emmanuele II.aren tokia. 1882an Italiako erreinuak, Alemaniako eta Austria eta Hungariako inperioarekin batera Aliantza Hirukoitza osatu zuen. Garai hartantxe Eritrean koloniak ezarri ziren eta 1889an Somalian sartu ziren italiarrak. XIX. mendearen bukaeran barneko egoera politikoa oso nahasia zen, langileen eta nekazarien matxinadak zirela eta. 1900eko uztailaren 29an Humberto I.a hil zuten atentatu batean, Montzan.  v  XX. mendea: Mundu Gerrak, faxismoa, errepublika. XX. mendearen hasieratik Lehen Mundu Gerraren arteko urteetan Giovanni Giolitti lehendakaria nabarmendu zen: aurreko urteetako berrikuntzeei segida eta langileen mugimenduari nolabaiteko askatasuna eman zien; gizarte legedia aurreratu bat bultzatu eta garapen bidean ari zen iparraldeko industria babestu zuen, Libia eta Egeo itsasoko uharte batzuk eskuratu zituen, etab. Lehen Mundu Gerran Italiak neutralki jokatu nahi izan zuen, baina zenbait lurralde eskuratuko zituelako ustean aliatuekin bat egin zuen; hala ere, gerra amaitu zenean agindutako lurraldeetatik gutxi batzuk baizik ez zituen eskuratu. Gerra ostean, langileen mugimenduaren gorakadak kezkatuta, sortu berria zen higikunde faxistari lagundu zion burgesiak. Erregeak gobernu konstituzionalari ahalmen guztiak kendu zizkion eta faxisten buruzagiari, Mussoliniri, ministro batzorde berria antolatzeko agindua eman zion. 1925. urteko lehen egunetan gobernu faxistak estatuko egitura eta funtzionamendua guztiz aldatu zituen: eskubide batzuk murriztu ziren eta greba, adierazpen eta batzartzeko eskubideak, adibidez, ezeztatu; naziotasuna goraipatu zen eta sinbolo eta keinu bereziak, esaterako besoa altxatuta agurtzea, erabiltzen hasi ziren. Faxisten ekonomia politikak ez zuen Italiako bizitza maila askorik jaso, eta nazioa burujabea izan zedin nekazaritza bultzatu zuen. Hirurogeita hamar urtez irtenbiderik gabe zirauen auzi bati aurre egin zion Mussolinik 1929an: bakeak egin ziren Eliza katolikoaren eta Italiako estatuaren artean, eta Aita Santuari Vatikanoko estatuaren gaineko aginpidea aitortu zitzaion. Mussolini, bien bitartean, Etiopia konkistatzera abiatu zen 1935-36an eta Vittorio Emmanuele III.a izendatu zuen hango enperadore. Frantziak eta Britainia Handiak, baina, ez zuten begi onez ikusi ekintza hori eta Mussolinik Alemaniaren laguntza bilatu zuen. Italiak Albania konkistatu izanak aurrez aurre jarri zituen gobernu faxista eta sartaldeko demokraziak. II. Mundu Gerran Grezia hartzeari ekin zion Italiak, eta kolonietako gudarostea britainiarrenarekin topatu zen Afrikako iparraldean. 1943. urtean, faxisten Batzorde Gorenak Mussolini kargutik kendu zuen; 1945. urtean partisanoek Mussolini harrapatu eta hil zuten. Italiak kolonia guztiak galdu zituen. 1946ko ekainaren 2an egin zen erreferendumean monarkia ezeztatu zen. 1948ko urtarrilaren 1ean errepublika konstituzioa jarri zen indarrean Italian, eta handik urtebetera NATO erakundean sartu zen. Hurrengo urteean Kristau Demokraziak bakarrik gobernatu zuen. 1950-60 urte bitartean ekonomiak “mirarizko” hazkundea izan zuen, Europako aurreratuenetakoa izateraino. 1980. urtetik aurrera gobernu aldaketa asko izan da Italian. 1948ko konstituzioaren arabera errepublikako presidentea da estatuburua, eta berak aukeratzen du gobernuburua edo Lehen Ministroa. Presidentea zazpi urtez behin aukeratzen da. 1978. urtea arte presidente guztiak alderdi kristau demokratakoak izan ziren. Urte hartan Sandro Pertini sozialista izan zen garaile, baina 1985ean Alderdi Kristau Demokratikoaren (PDC) kide bat aukeratu zuten ostera estatuburu, Francesco Cossiga hain zuzen. Italiako sistema politikoa formetan baizik ez da izan sendoa. Ministro taldeak osatzeak luze jotzen du, baina gero berehala desegiten dira. Salbuespen bakarra Bettino Craxi izan da; 1983ko apiriletik 1987ko martxora izan zen gobernuburu. Politikaren sendotasunik eza, zerga defizit ikaragarriak eta mafiaren eta camorraren eragina zirela eta, konstituzioa berritu beharra ere ikusi zen. 1991ko otsailean Alderdi Komunista izenaz aldatu eta Ezkerreko Alderdi Demokratikoa (PDS) bihurtu zen. Abenduan, baina, talde disidente batek alderdi komunista fundatu zuen ostera. 1991ko bukaeran areagotu egin ziren tirabirak PDCren barruan eta Cossigaren eta PDSko buru Achille Occhettoren artean. 1992ko otsailean, presidenteak eta Lehen Ministroak hauteskundeak deitu zituzten, Legebiltzarra desegin ondoren. 1992ko apirileko hauteskundeetan ofizialismoak Legebiltzarreko gehiengo absolutua galdu zuen lehengoz 1946az geroztik. Handik gutxira, Andreottik gobernuaren dimisioa aurkeztu zuen, eta Cossigak ere bere dimisioa aurreratu zuen. Maiatzaren bukaeran mafiak Giovanni Falcone epailea –mafiaren etsai nagusia– hil izanak jendea presidente demokrata kristaua –Oscar Luigi Scalfaro– hautatzera bultzatu zuen neurri handi batean. Falcone hil eta bi hilabetera, ordea, mafiak haren ondorengoa hil zuen, Paolo Borsellino. 1992ko urrian 10 milioi langilek greba egin zuen gobernuak ekonomia doitzeko hartutako neurrien kontra protesta egiteko. Italiako prokuradore nagusiak, Antonio di Pietrok, operazio ilegalen sistema konplexu bat argitzeko «Esku garbiak» ikerketa bultzatu zuen, eta era guztietako politikoak, enpresaburuak eta mafia nahasita zeudela aurkitu zuen: Bettino Craxi eta Giulio Andreotti Lehen Ministro ohiak, besteak beste. 1980 eta 1992 bitartean ustelkeriak 20 mila milioi dolar inguru galarazi zizkion estatuari. Gainera, funtzionario eta politikoei emandako ezkutuko sariak zirela-eta, Italiako inbertsio publikoak Europako gainerako erkidegoetakoak baino % 25 garestiago ziren. 1993ko apirilean Banketxe Zentraleko presidente ohia, Carlo Azeglio Ciampi, izendatu zuten Lehen Ministro. 1994ko martxoko hauteskundeetako faborito nagusia PDS zen, sozialistei eta demokristauei baino gutxiago eragin zielako ustelkeriak. Hala ere, hilabete gutxitan, hedabideen magnateak, Silvio Berlusconik, «Forza Italia» alderdia sortu zuen, eta Umberto Bossiren Iparraldeko Liga Federalistarekin eta Gianfranco Finiren Aliantza Nazional neofaxistarekin batera gehiengoa atera zuen Legebiltzarrean. Berlusconi izendatu zuten Lehen Ministro, eta Europarako hauteskundeak ere bere alderdiak irabazi zituen. Hala ere, Iparraldeko Liga gobernuaren oztopo bilakatu zen, Berlusconi eta Aliantza Nazionaleko “faxistak” kritikatuz denbora guztian. Urrian gobernuak jubilazioaren eta pentsioen erreforma proposatu zuen, baina sindikatuak horren aurka azaldu ziren, eta manifestazio jendetsuen ondoren, Berlusconik bertan behera utzi zuen proiektua. Abenduan Bossik uko egin zion gobernuari eta Berlusconik dimisioa aurkeztu zuen. Scalfarok ez zuen ostera hauteskunderik deitu nahi izan, eta Berlusconiren ekonomia ministro ohia –Lamberto Dini– izendatu zuen Lehen Ministro. Honek teknokratez osaturiko gobernu “apolitikoa” eratu zuen. Ezkerraren laguntzaz, Lamberto Dinik jubilazio eta pentsioen sistema berritzea eta defizit publikoa gutxitzea lortu zuen. Aurretik beste ministro “tekniko” batzuek egin izan zuten bezala –Ciampik, esate baterako, 1993 eta 1994 bitartean–, Dinik itun bat egin zuen PDSrekin ekonomia neurri zorrotzak ezarri ahal izateko. 1996ko apirilean Olibondoa koalizioak –Romano Prodi kristau demokrata ohiaren gidaritzapean eta PDSren laguntzarekin– izan zen garaile Legebiltzarrerako hauteskundeetan. Prodik, Lehen Ministro kargua hartuta, PDSko buruzagiekin eta Ciampi eta Dini bera bezalako kontserbadore ezagunekin eratu zuen gobernua. Komunista ohiak gobernuan egotea eta alderdi komunista berriak laguntza ematea izan ziren aldi berri horren ezaugarri aipagarrienak. 1997ko urrian, baina, gobernua kolokan jarri zuen 35 orduko lan astea onartu ezean Alderdi Komunistak Prodiri laguntza ukatu ondoren sorturiko eztabaidak. Azkenean gobernuak 2001. urtetik aurrera eta 15 langile baino gehiagoko enpresetan lan astea murriztea onartu zuen. Azaroko udal hauteskundeetan ere Olibondoa koalizioa izan zen garaile. 1998ko urrian berriro sortu ziren tirabirak gobernuaren eta Alderdi Komunistaren artean, aurrekontuak zirela eta, eta oraingoan Prodik dimisoa eman behar izan zuen. Berriro hauteskundeak deitzekotan eskuinak irabazteko arriskua zegoela ikusirik, zentro-ezkerreko aliantzak PDSko buru Massimo D'Alema izendatu zuen Lehen Ministro. 2006an, Romano Prodi hautatu zuten italiarrek lehendakari, ezkerreko eta zentroko koalizio zabal baten buru. 2008an, berriz, Prodik dimisioa eman behar izan zuen, eta handik gutxira egin ziren hauteskundeak Silvio Berlusconiren koalizioak irabazi zituen berriz. Emigranteen aurkako oso lege gogorrak eman zituen, ijitoen aurkakoak bereziki, eta polemika handia sortu du erabaki horrek.
http://www.camera.it/