Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ireland, David

Australiar eleberrigilea (Sydney, 1927). Bere ahalegin guztiak literaturari eskaini aurretik petrolio findegi batean aritu zen lanean. Poesia eta antzerkia ere idatzi ditu, baina nobelek egin dute ospetsu mundu zabalean. Oso idazle berritzailea da, eta egitura zatikatuak, kontakizun etenak eta teknika surrealistak dira bere lanen ezaugarri nagusiak. Gaur egungo giza esperientziak dira bere nobelen gaia: Txori kantaria (1968) nobelak, esate baterako, gizarteak baztertuta, indarkeriazko eta anarkiazko bizimodua daraman adoleszente anonimo baten historia kontatzen du; Industriako atxilotu ezezaguna (1971) nobelak, enpresa multinazional batean lan egitearen esperientzia alienatzailea; Burn (1974) nobelak, aborigen mestizo baten bizimodu gogorra; Beirazko kanoa lanak (1976) Sydneyko mozkor talde bat aurkezten du, australiar gizartearen mikrokosmo gisa erabiliz, eta Etorkizuneko emakumea (1979), Australiak etorkizunerako dituen ahalbideen kontakizun alegorikoa da. Nabarmentzekoa da, era berean, Arkimedes eta itsas arranoa ere (1984).