iraultza
iz. Herri edo estatu batean, talde edo klase batek agintea hartu eta aldaketa sakonak eragiten dituenean jazotzen diren gertaerak. || Iraulketa. v Gizartearen aldaketa, funtsezkoa eta bizkor samar gertatzen dena. Aldaketak gobernua agintetik kentzea eragin dezake, eta oinarrian gizarte eta ekonomia arrazoiak izan ditzake. XVIII. mendeko Ameriketako eta Frantziako iraultzen ondoren, iraultzak aurreko gobernu ereduen erabateko aldaketa ekarri zuen. Europako iraultza gehienek funtsezko aldaketak eragin dituzte, ez bakarrik gobernuari zegozkionak, baita ere ekonomia sistemari, gizarte egiturei eta gizartearen kultura balioei. v Errusiako iraultzak. Errusian 1905ean eta 1917an izan zirenak. ik. Errusia. v Espainiako iraultza. 1868an, Elisabet II.aren garaian, Espainian izan zen iraultza. “La Gloriosa” izenez ere ezagutzen da. ik. Elisabet II.a. v Frantziako iraultzak. 1789an, 1830. urteko uztailean eta 1848ko otsailean Frantzian izan ziren iraultzak. ik. Frantzia. v Ingalaterrako iraultzak. Lehena, 1642-1649 urteetakoa, Ingalaterrako Karlos I.a agintetik kendu eta haren ordez Cronwell buru zuen errepublika ezarri zuena, eta bigarrena, 1688-1689 bitarteko urteetakoa, Gilermo III.a eta Maria II.a agintean ezarri zituena.