IRA
(Irish Republican Army). Irlandako Armada Errepublikanoa, 1919an sortua, Irlandaren burujabetasunaren alde borrokatzeko. Sinn Féin –Irlanda osoaren batasuna aldarrikatzen duen alderdi abertzalea– alderdiaren helburu berak ditu. ■ Irlandaren Burujabetasunerako gerran (1919-1921) egin zituen lehen ekintza armatuak IRAk. 1921ean Ingalaterrak eta Irlandak Irlandako Estatu Librea sortzeko izenpetu zuten hitzarmenaren ondoren Sinn Féin bitan banandu zen bezala, IRAko kide batzuek hitzarmena onartu eta estatu berriko gudarostean sartu ziren. IRAko zati handiena, Irregulars deitua orduan, Irlandako Estatu Librearen kontra borrokatu zen 1922 eta 1923 urteetako gerra zibilean. Borroka bukatu ondoren, IRAk soldaduak prestatzen eta ekintza armatuak egiten jarraitu zuen. 1931n legez kanpo utzi zuten eta ostera 1935ean. 1948an, Irlanda Commonwealthetik irten eta Irlandako Errepublika bihurtu ondoren, IRAk Ipar Irlandako britainiarrak hartu zituen jomugatzat, Irlandako Errepublika batua eraiki nahian. 1960ko hamarraldiaren bukaeran, Ipar Irlandako katolikoek indar erakustaldi bat egin zuten beren egoera ekonomiko eta politikoa hobetzeko. Protestanteen eta Britainia Handiko gudarostearen aurka jotzen zuen neurrian, IRAk gero eta laguntza eta babes handiagoa jaso zuen. 1969an, ekintza armatuak erabiltzeko moduari buruzko desadostasunak zirela eta, IRA bi taldetan bereizi zen: talde erraldikal bat –Behin-Behineko IRA–, borroka armatua eta terrorismoa erabiltzearen aldekoa, eta talde nagusia –IRA ofiziala–, helburuak lortzeko bide politikoak erabiltzearen aldekoa. ■ 1994ko abuztuaren 31n, 25 urtez borrokan aritu ondoren, IRAk baldintzarik gabeko su-etena deklaratu zuen, eta bake elkarrizketen mesedetan ekintza militarrak bertan behera utziko zituela agindu zuen. Su-etena 1996ko otsailean hautsi zen, Londresen bonba bat leherrarazita. Sinn Féin-ek gobernu britainiarrari leporatu zion su-etenaren haustura. 1997ko apirilean, Britainia Handiko hauteskundeetarako gutxi falta zela, IRAk Londresko hiriburuko jarduera geldiarazi zuen han eta hemen bonbak jarri zituela jakinaraziz. Urte hartan bertan, baina, uztailaren 19an, IRAk su-etena iragarri zuen berriro, bake negoziazioei beste aukera bat emanez, Tony Blairren gobernu berriak Sinn Féin-ek elkarrizketetan parte hartzea onartu ondoren. 1998ko apirilaren 10ean, Stormont-eko gazteluan, Belfasten ondoan, Ipar Irlandako gatazkaren amaierako bake hitzarmenak izenpetu zituzten. IRAk ia berehala onartu zuen Stormonteko hitzarmena, eta maiatzaren 6an, Sinn Féineko kideak Ipar Irlandako Biltzarrerako hautagai izatea onartu zuen, baina ez ordea armak entregatzea. Maiatzaren 22an, Ipar Irlandako eta Irlandako Errepublikako biztanle gehienek apirilaren 10eko hitzarmena babestu zuten erreferendum baten bidez.