intxaurrondo
iz. Bot. Tamaina handiko zuhaitza, itzalpe handikoa eta zur oso onekoa, fruitua intxaurra duena (Juglans regia). Adaburua nahiko behean izaten du. Adarkera bera biribila edo luzexka izan dezake. Enborra eta adarrak azal leun zurixkakoak ditu gaztea denean, latzagoak eta ilunagoak gero. Hosto elkartua izaten du, arrautza itxurako hosto-atal erorkorrez osatua, lorea sexu banakoa, eta gerba egiturakoa arra. Lur sakon eta azpi gozoa dutenetan hazten da. Berez Persia eta Kaukasokoa da, baina gaur egun negu epel samarra egiten duen Europako eskualde guztietan hazten da. Ematen duen fruituagatik eta duen zur bikainagatik lantzen da. v Muskat-intxaurrondoa (Myristica fragans). Asiako hegoaldean, batez ere Indiako hegoaldean eta Moluka uharteetan hazten den zuhaitza. Muskat-intxaurrondoaren fruitua janariak gozatzeko erabiltzen da. v Intxaurrondo beltza (Juglans nigra). Ameriketako intxaurra izenaz ere ezagutzen da. Oso bizkor hazten da; 30 m inguru luzea eta adaje zabalekoa izaten da. Lizarraren antzeko hostoak izaten ditu. Fruituaren barruko mamia txikia du, eta mintzetatik banatzen oso zaila. Duen zuragatik lantzen da batez ere.