Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

infekzio

iz. Med. Gizonarentzat eta animalientzat kaltegarriak diren organismoek (bakteriek, onddoek, birusek, protozooek…) sortzen duten egoera. ik. eritasun (eritasun kutsakor). Infekzioa eragin dezaketen organismoak ugariak eta askotarikoak dira. Alde batetik birusen multzoa dago: azido erribonukleikoa dutenak (gripearen eta sukar horiaren eragile direnak, adibidez) eta azido desoxirribonukleikoa dutenak (besteak beste, nafarreria eta herpesak eragiten dituztenak); eta bestetik bakteriok eta onddoak. Infekzioa eritasuna kutsakorra da eta pertsona gaixo batek kutsa dezake (airearen bidez, eztula edo doministikuak egitean, edo harreman zuzenen bidez, sexu harremanetan, adibidez). Infekzioa kutsatzeko beste bideak ere badira: infekzioa duten animaliek eta intsektuek egindako hozkak eta zauriak, organismo patologikoak dituzten objektuen ebakiak edo xiringen ziztak, eta abar. Baina hala ere, eritasuna ez da beti kanpoko eragileen bidez hartzen, gorputzaren barruan ere sortzen baita batzuetan. Eritasunak heldualdia du bere ezaugarriak agerian utzi aurretik, eta heldualdi horren ondoren agertzen dira sintomak (hantura, mina, sukarra…). Sukarra da guztien artean infekzioaren ezaugarririk berezkoena. Antibiotikoak sendagai egokia dira gehienetan, birusen kasuan izan ezik; birus bidezko infekzio gehienentzat, gripea eta hotzeria tartean, ez baitago, txertoaz kanpo, berezko sendagairik.