Inchauspe, Emmanuel
Zuberotar idazle eta itzultzailea (Zunharreta, 1815 - Omizegañia, 1902). Baionan egin zituen eliza ikasketak. Jincoac giçonareki eguin patoak otoitz liburua eman zuen argitara 36 urte zituela. 1856. urtean zubererara itzuli zuen San Mateoren ebanjelioa, Bonaparte printzeak hala eskaturik. Bi urte geroago itzuli zuen Apokalipsia. 1858. urtean eman zuen argitara Le Verbe Basque bere obra nagusia, eta 1864an prestatu zuen Axularren Gero obraren argitalpen berri bat, atalen ordena aldatuz (haren ustez, Axularrek egingo zukeen erara, eta esaera gordinak kenduz). Baionako apezpikuaren idazkari nagusi izendatu zuten 1869. urtean. 68 urte zituela Kempis-a itzulpenaren (1757) eraberritzea egin zuen zubereraz Kristen Imitacionea, Çuberouco uscalarat utzulia izenburupean. Bikario Nagusi izendatu zuten 1884. urtean. Inchausperenak dira, halaber, Le Peuple Basque (1892-1893) Euskal Herriari buruzko lana, Maria Birjinaren hilabetia (1894) eta Kantika Saintiak (1897) erlijiozko lanak.