Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

ikurrin

iz. Bandera, bereziki Euskal Herrikoa.  v  Historia. Sabino Aranak sortu zuen, Bizkaiko banderarako, bandera ingelesa hartuta eredutzat. Lehen aldiz Bilbon agertu zuten, 1894ko uztailan. Euzko Alderdi Jeltzaleak Euskal Herriaren sinbolotzat erabili zuen eta kultura eta politika talde guztiek onartu zuten, baita Aranaren abertzaletasunarekin bat ez zetozenak ere. Espainiako Gerra Zibilaren ondoren gobernu frankistak debekatu egin zuen ikurrina. Franco hil ondoren jendaurrean agertzen hasi zen ospakizun batzuetan, eta poliziaren zapalkuntza latza izan zen. Azkenean 1977aren urtarrilaren 19an baimena eman zuten Donostiako danborradan atera zezaten. Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuak, 5. atalean, Euskadiko bandera ofizialtzat hartzen du, eraikuntza ofizialetan beti Espainiako bandera monarkikoaren ondoan agertu behar duen arren. Nafarroako Foruaren Hobekuntzak ikurrina Nafarroako lurraldetik kanpora uzten du.