Igorre
Bizkaiko erdialdeko udalerria (Arrati-Nerbioi eskualdea). Mugak: iparraldean, Lemoa eta Bedia; ekialdean, Dima; mendebalean, Zeberio eta Bedia; hegoaldean, Arantzazu eta Dima. Garaiera, 91 m. 17,52 km2. 1997ko datuen arabera, 3.951 biztanle ditu (igorretarrak). Auzo nagusiak: Basauntz, San Joan-Egia, Elgetzu, Mulegi, Urkizu eta Igorre-Elexalde (herriburua). Arratia eta Indusi ibaiek igarotzen dute Igorreko udalerria urak Ibaizabal ibaian hustu baino lehen. Euskara, bizkaiera; hizkuntza banaketa 1996an: 3.043 euskaldun, 332 ia euskaldun eta 565 erdaldun. Industria da bertako ekonomia jarduera nagusia (altzairugintza, metalgintza, zurgintza, makineria; langileen % 70). Aipagarriak dira San Andres ermita (VIII. mendearen bukaerakoa, XX. mendean zaharberritua), Andra Mari parrokia eliza (XIII. m.), San Kristobal ermita (X. m.), Alcalá Galiano eta Aldecoa Pastor jauregiak.