Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

igeri

adlag. Ur gainean edo barruan hondoratu gabe eta higituz, edo geldirik. ◊ Airean igeri gelditzen den ilauna. || Igeri egin. Uretan, hondoratu gabe eta higidura egokien bidez higitu. || Igerian. adlag. Igeri eginez. || Igeri egon. Isurkari baten gainean edo gas baten barnean orekan egon.  v  Igeri-oindun. izond. Zool. Oinetako behatzak mintz batek lotuak, igeri egiteko egokiak, dituena. Hegazti igeri-oindunak.  v  Zool. Animalietan, uretan higitzeko modua. Protozoo txikienetatik hasi eta baleetaraino animalia askok igeri egitea dute uretan mugitzeko era. Animalia horiek ur gainean egoteko, uraren indarrari aurre egiteko eta gorputzari bultza egiteko gaitasuna dute. Animalia ornogabe askok, soinberek batez ere, ur lasterrak erabiltzen dituzte uretan mugitzeko; beste batzuek, berriz, gorputzaren zati bigunen uhin mugimenduak. Baina oro har igeri egiteko modu zabalduena uraren kontra presioa egitea da: aingirek eta antzeko arrainek uhin mugimenduen bidez egiten dute presioa; aurreko gorputz adarren eragina erabiltzen dute dortokek eta pinguinoek igeri egiteko; atzeko gorputz adarrena igelek eta txori igerilari batzuek; eta lau gorputz adarrena lehorreko animalia gehienek. Igerilari onenek, baleak eta arrain ornodunek alegia, indar eragilea isatsean dute eta gorputz adarrak oso txikiak dituzte, gorputzaren kontra bilduta, lasterrago igeri egiteko.  v  Igeri puxika. Zool. Arrain teleostomo gehienek duten puxika itxurako organoa; haizez betea dago igeri puxika, eta hesteen hasierako partean dago itsatsia. Animalia ornodunen pisu espezifikoa urarena baino handiagoa denez gero, igeri puxika pisua jaitsarazteko eta presioa ingurunekoaren pareko bilakarazteko erabiltzen dute arrainek.  v  Kirol. Olinpiar Jokoetan 1896an onartu zen igeriketa, hasieran gizonezkoentzat bakarrik, eta 1912an emakumezkoentzat. 1909an eratu zen igeriketa amateur-aren nazioarteko federazioa (FINA), eta elkarte honek arautu zituen igeri egiteko erak eta neurriak. Igeri egiteko erak lau dira: estilo librea (estilo lasterrena da, gorputza alboetara okertzen da, besoei txandaka eragiten zaie, eta hankak guraizeen erara irekitzen eta ixten dira); bizkarreko estiloa (gorputza ahal bezain zuzen jartzen da etzanda, besoak txandaka igarotzen dira buru gainetik sorbaldaren pareraino, eskuak ahurraren aldetik uretan sartzen dira, behatz txikiena lehenengo, eta besoak atzerantz egiten du urpean iztarreraino, eta oinak estilo librean bezala mugitzen dira); bularrekoa (estilo zaharrena da, aurpegia urpean jarrita eta besoak uretatik atera gabe, besoekin eta hankekin mugimendu simetrikoak egiten dira, igelak igeri egiteko egiten dituenak bezalakoak) eta tximeleta estiloa (lehiaketetan erabiltzen da, batez ere; bularrekoaren antzekoa da, baina besoak ur gainera ateratzen dira aurrerantz). Lehiaketetan 100, 200, 400, 800 eta 1.500 metroko estilo libreko lasterketak izaten dira; atzerako, bularreko eta tximeletako lasterketak 100 eta 200 metrokoak; banakakoak 100 eta 200 metrokoak; estilo libreko erreleboak 4x100 metrokoak, eta 4x200 metrokoak (gizonezkoentzat).