Igerabide, Juan Kruz
Gipuzkoar idazle eta itzultzailea (Aduna, 1956). Maisua eta filologian doktorea da. Gaur egun irakaslea da unibertsitatean. Haur eta gazte literatura jorratu du gehienbat, baina haurrei zein helduei zuzendutako poesia, saiakera, aforismoak eta itzulpengintza ere landu ditu. Igerabidek haurrentzat egin dituen hainbat liburu beste hizkuntza batzuetara ere itzuli dira. Beste askoren artean, hauek aipa daitezke haur eta gaztetxoei zuzendutako liburuen sailean: Notre-Dameko oihartzunak (1984), Bizitzarekin solasean (1989), Egunez parke batean (1992), Txokolateko basoan (1993), Gauez zoo batean (1994), Denboraldi bat ospitalean (1995), Oporraldi bat baserrian (1995), Pikoak (1995), Abraham (1998), Jonas eta hozkailu beldurtia (1998, Haur Literaturako Euskadi saria), Hamabi galdera pianoari (1999), Helena eta arrastiria, Atea kox-kox, Dantzariño haserre, Ondojoan, Maisu berria (denak 2000. urtekoak), Jonasen Pena, Jonasen Iratzargailua (2001)… Poesiari dagokionez, aipagarriak dira Begi-niniaren poemak (1992), Egun osorako poemak eta beste (1993), Sarean leiho (1994), Kartapazioko poema (1998), edo eta Botoi bat bezala (1999, Euskadi Literatura saria). Itzultzaile gisa ere lan asko egin du Igerabidek, autore klasiko zein gaurkoak euskaratuz. 2000. urtean, Homeroren Odisean oinarritutako Ulises eman zuen argitara. Aipagarria da, halaber, 1998an argitara eman zuen Herrenaren arrastoan aforismo liburua. Bere azken lanen artean aipagarriak dira Mailu isila (2002) poesia-liburua, Hosto gorri, hosto berde (2002) haiku-bilduma eta Hauts bihurtu zineten (Alberdania, 2005) eleberria.