Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Igantzi

Nafarroako ipar-mendebaleko udalerria (Iruñeko merindadea). Mugak: iparraldean, Lesaka; ekialdean, Etxalar eta Sunbilla; mendebalean, Lesaka eta Arantza, eta hegoaldean, Arantza eta Sunbilla. Garaiera, 207 m. 16,70 km2. 1999ko datuen arabera, 593 biztanle ditu (igantziarrak). Auzo nagusiak: Berrizaun, Frain, Irisarri eta Unanua. Euskara, goi-nafarrera; euskaldunak % 95. Nafarroako Foru Erkidegoko 1986ko Euskararen Legearen arabera, eremu euskaldunean dago. Bidasoa ibaiaren Latsa adarrak igarotzen du udalerria ekialdetik. Igantziko langile gehienek (% 68) industrian egiten dute lan, bertan (zurgintza, eraikuntza, janari-industria) eta hurbilean (Lesaka, altzairugintza). Garrantzizkoa da, halaber, laborantza (artoa, barazkiak, bazkarako landareak) eta abere hazkuntza (behi eta ardi azienda). Aipagarriak dira San Migel parrokia eliza barrokoa eta eliza honetako erretaula nagusi barrokoa, Pietateko Ama Birjinaren ermita eta San Joan Xar ermita, harpe batean irekia.  v  Historia. XIV. mendeko dokumentu batean aipatzen da lehen aldiz Igantziko herria (1366). 1494. urtean jaso zuen hiri gutuna Joan Albretekoa Nafarroako erregearen eskutik.