Idirin, Maite
Bizkaitar kantaria (Zeberio). Parisera iheslari joan aurretik, Bizkaian herriz herri kantuan hasia zegon. Parisen egunero kantatzen zuen kafe-antzoki batean, eta 1974an Euskal Herrira etortzea erabaki zuelarik, Kontserbatorioan ikasteari ekin zion. Baionako Kontserbatorioan aurkitu zuen errepertorio klasikoa, nahiz eta operako bokazioa eta zaletasuna txikitatik izan. Karrera bukaerako lan bezala, Otelloko Desdemonaren pertsonaia egin zuen eta urrezko domina eman zioten. Orduan hasi zuen Maite Idirinek kantari bezala bigarren fasea. 1992an Ametsetan diskoa argitaratu zuen, Sorozabal, Usandizaga eta Nemesio Otañoren liederrak kantatuz. 2000. urtean, Gabriel Aresti olerkariaren heriotzaren 25. urteurrena zela eta, Arestiren poemetan oinarritutako ikuskizun arrakastatsua aurkeztu zuen Euskal Herriko hainbat herritan, Ur Apalategi bere semea eta hainbat musikari ezagunen laguntzaz, besteak beste, Pascal Gaigne eta Carlos Jimenez.