Ichikawa, Kon
Japoniar zinema zuzendaria (Ise, Mie eskualdea, 1915). 1933an Kiotoko J.O. estudioetako animazio sailean hasi zen lanean, eta panpin artikulatuak filmatzeko teknika ikasi zuen bertan. Gero, zuzendari laguntzaile gisa lanean hasi eta Tokiora joan zen, eta Natto Wada gidoigilea ezagutu eta esposatu zuen bertan. Lan asko egin zuten elkarrekin eta Nattok idatzi zizkion bere filmetarako gidoirik onenak. 1946an hasi zen filmak zuzentzen, baina 1956an egin zuen bere lehen maisulana, Harpa birmaniarra, budismo kutsuko gerraren aurkako pelikula; arrakasta handia izan zuen nazioarteko zinema jaialdietan. 1959an gai berari heldu zion film are gogorrago batean. Sua lautadan zuen izenburua film hark, eta Filipinetako gerraren miseriak kontatzen ditu oso modu gordinean. 1963an Antzezle baten mendekua egin zuen, eta 1965ean Tokioko Olinpiar Jokoak, joko haietako film ofiziala. 1980ko hamarkadan zenbait film egin zituen gazteentzat, esate baterako Horda basatiak (1980), komiki ezagun batean oinarrituta eta irudi erreala eta marrazki bizidunak nahastuz, eta Ilargiko printzesa (1987), herri ipuin batean oinarritua.