ibo
iz. Etnogr. Nigeriako hego-ekialdean bizi den herri bateko kidea. 30 bat taldek osatzen dute iboen leinua. Nekazariak dira bizibidez (ñamea eta iuka lantzen dituzte batez ere) eta txaboletan bizi dira. Arte lan aberatsak egiten dituzte, eskultura eta zurezko maskarak batez ere. Oraintsu arte, elkarrekin erabiltzen zituzten herri bakoitzeko biztanleek lurrak, ez zuten jabetza pribaturik ezagutzen eta klanen inguruan gauzatzen zen familia eta politika antolamendua. Iboen erlijioa politeista da, jainko sortzailea eta bigarren mailako beste jainko asko dituzte. Gune kristau zabalak eratu dira, halere, XX. mendean zehar. Europako kolonizatzaileen etorrerarekin batera hasi ziren iboak nazio kontzientzia modernoa hartzen, Biafrako nazioaren inguruan. Nigeriako estatutik bereiztea lortu zuten 1967an, baina gerra izugarri latz baten ondoren jabetu zen berriro Nigeriako estatua Biafraz 1970ean. Eastern Region of Nigeria deitu zioten Nigeriako estatu berriko agintariek Biafrari.