Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

ibai

iz. Berezko ur-lasterra, aski handia, itsasora edo beste ibai batera isurtzen dena; uhaitza. || Ibai(-)aho. Ibaia itsasoratzen den lekua.  v  Geol. Ibaiek, lur gainera erortzen den euri uretatik, lurpean sortzen diren iturburuetatik, aintziretatik eta mendietan urtutako elur eta izotzetik hartzen dute ura; eta beste ibai batean, itsasoan edo aintziretan isurtzen dute. Hori dela eta, hidrologia zikloan eginkizun berezia dute ibaiek, alegia, ozeanoetara helarazten dute ozeanoetatik lurrundu, eguratsera iritsi eta berriro lur gainera eroritako ura. Ibaiak ubidean duen emaria, hartzen duen eta galtzen duen ur kopuruaren aldeak ematen du. Urak ubidean aldapan behera egiten du, eta ibilbidean erauzi egiten ditu aurkitzen dituen harri puskak eta lur zatiak. Horren ondorioz, ibaiek lurraren azalaren egitura aldarazten dute, ibarrak sortzen, eta batez ere ubidea bera eta ibai bazterrak leuntzen eta higatzen, betiere inguruko harrien eta lurren gogortasunaren edo irazkortasunaren arabera. Bestalde, higadura (beheranzkoa eta alboetakoa), ibaiak daraman ur kopururaren eta ibaiak daraman zamaren araberakoa da, eta baita ere ibaiaren partearen edo ibilguaren araberakoa. Lehenengo partean edo goi ibilguan, ibaia indar handiz jaisten da, maldak oso aldapatsuak dira, eta urak harri zati asko edo zama handia garraiatzen du; ibaiak higadura handiena eragiten duen partea da. Erdiko ibilguan malda leunetan behera jaisten da ura (goi ibilguan baino polikiago), eta bazterretan metatzen ditu zama astunenak. Azken partea edo behe ibilgua ibaiak ura itsasoan edo beste ibai batean isuri aurrekoa; hantxe metatzen dira zama arinenak. Meandroak edo bihurguneak behe ibilgu honetan azaltzen dira.  v  Ibaiak berez bihurritzeko joera du, eta urak hartzen duen indarraren eraginez, lastertasuna aldatzen duen tokian, askatzen ditu harri zatiak eta bazterretan uzten. Urak bihurgune ganbiletan jotzen du, eta zama berriz bihurgune ahurretan uzten du. Zati horiek itsasondoan uzten dituenean batzuetan deltak sortzen dira (ik. delta). Ur handia itsasora iristen denean osatzen dira deltak eta barraderak, ibaiaren ahoan zama pilatu egiten baita, ubideetako urak gainezka egiten baitu eta ibaiak bere zama inguruko lurraldeetan uzten baitu.  v  Ibaiak bi motatan banatu ohi dira: lurrazaleko ibaiak, lur geruzek ura hartzen duten lekuetan sortzen direnak, eta lurpekoak edo lur geruzak irazkorrak diren lekuetakoak. Bestalde, ibai bat nolakoa den definitzeko eragin handia dute ibaiaren morfologiazko ezaugarriek (maldak, lur geruza motak, etab.), alde batetik, eta eguraldiarenek (euri kopurua, lurruntzea, etab.) eta biologiazkoak (zein animalia eta landare mota bizi diren ibaian edo ibai inguruan), bestetik.