hots
iz. Dardaratzen den zerbaitek sorturiko sentipena, entzumenari eragiten diona; dardara hori bera. ◊ Ahotsa. || Entzutea, ospea. || Deiki gisa, norbaiten arreta lortzeko izenaren aurrean ezartzen den hitza. || Aurrean esan dena argitzeko hitza, hau da-ren baliokidea. || Hots egin. Hotsik egin gabe erantzi zituen soinekoak. || Hots eman. Gidatu, zuzendu. ◊ Akuilatu, sustatu. v Fis. Ingurune elastiko batean (gehienetan airea, baina baita isurkari bat, gasa eta solidoa ere) hedatzen diren uhinek sortzen dutena. Uhina dardara handitasunaren edo dardar errepikatuaren ondorioa da. Belarriko tinpanoak dardara sumatzen duenean garunean sumatzen den sentipen da hotsa. Dardar egiten duen gorputzak denbora unitateko bere dardar maiztasuna du, eta gorputzaren izaeraren (pisua, bolumena, tentsioa…) araberakoa da. Hotsak lau ezaugarri ditu: iraupena, intentsitatea, tonua eta tinbrea. Uhinaren lastertasuna ingurunearen izaerak eta tenperaturak baldintzatzen du; intentsitatea, dardaren hedapenak; tonua dardaren maiztasunak; eta tinbrea, dardaren formak. Hotsa puntu jakin batean presioa eginez sortzen da. Materiala edo ingurunea elastikoa denez gero, presioa amaitzean estututako inguruneak errebotea egin eta ondoko lekua estutzen du. Ziklo hori askotan errepikatzen denean uhinak sortzen dira, errebotea gertatzen den leku bakoitzean. Uhinak ingurune horretan lastertasun jakin batean mugitzen dira, eta presioaren arabera eta materialaren dentsitatearen arabera bizkortu edo moteldu egiten dira, eta neurri batean, bero espezifikoaren (gasa), elastikotasunaren (isurkariak eta solidoak), ingurunearen tenperaturaren eta uhinaren maiztasunaren arabera ere bai (hotsaren lastertasuna itsasoko uretan 1.490 m/s da, eta altzairuan 5.000 m/s). Eguneroko hots asko aldizkakoak dira, alegia, hotsaren uhinak denbora tarte erregularretan errepikatzen direnak. Hotsaren hedadura norabideari elkarzut jartzen zaion cm2 bakoitzetik denbora unitate batean pasatzen den energia da, w/cm2-n neurtzen da. Intentsitatea zentimetro karratuko wattetan neurtzen da. Gizonaren belarriak entzun dezakeen hots txikiena 10-16 w/cm2 da.