horoskopo
iz. Astr. Zeruaren antolamenduaren berri ematen duen agiria, une jakin batean Eguzkia, Ilargia, argizagiak, zodiakoaren zeinuak non dauden kokatuta erakusten duena, eta orainaldiaz informazioa emateko eta etorkizunaz iragarkizunak egiteko erabiltzen dena. Gizabanakoen horoskopoak egitean, astrologoek jaiotzaren une zehatza hartzen dute kontuan, astrologiazko beste datuekin batera, pertsonaren izaera aztertzeko eta etorkizuna iragartzeko. Astrologoen ustez, zeruko gorputz bakoitzak bere mitologiazko izaera du, eta une jakin batean zeruko beste gorputzekiko duen kokagunearen arabera izaera hori aldatu egiten da. Unibertsoan dena harremanetan dagoenez gero, zeruko gorputzek eragina dute haur jaio berriarengan. Horoskopoak egiteko zerua 12 zulo (etxe) dituen biribil baten bidez irudikatzen dute astrologoek. Etxe horietako bakoitzari giza bizitzaren alor batzuk egozten zaizkio (osasuna, ezkontzako bizitza, haurrak, lagunak, heriotza…). Etxe bakoitzean kokatzen den argizagiak eragina izango du etxe horri dagokion ataletan, onerako nahiz txarrerako. Sineskeria hauek harrera zabala dute, herrialde industrialduenetan ere. ik. zodiako.