Horn, Gyula
Hungariar politikaria (Budapest, 1994). Ekonomia eta finantza ikasketak egin zituen Rostov-Na-Donuko Unibertsitatean, Errusian (1945). 1954an Hungariako Finantza ministerioan hasi zen lanean, baina lau urte geroago unibertsitatera itzuli zen Ekonomia Zientzietan doktoregoa egitera. 1969-1985 bitartean, Hungariako Alderdi Sozialista Langilearen zuzendaritzarentzat lan egin zuen, eta laguntzaile postua lortu zuen Sobietar Harremanen Sailean. Halaber, Hungariaren enbaxadore izan zen Bulgarian eta Jugoslavian. Kanpo Arazoetako ministro gisa, 1989-1990 bitartean, garrantzi handiko zeregina bete zuen Alemaniaren batasunean, Alemaniako Errepublika Demokratikoko biztanleei Alemaniako Errepublika Federalera ihes egiten utzi baitzien Hungarian barrena. Bien bitartean, sobietarren gudarosteak Hungariatik erretiratzeko hitzarmena izenpetu zuen, eta Hungariako Alderdi Sozialistaren sortzaileetako bat izan zen. 1990ean, alderdiko lehendakari eta Legebiltzarreko diputatu hautatu zuten, eta Kanpo Arazoetako Batzordeko gidaritza hartu zuen. 1994an Hungariako Lehen Ministro izendatu zuten. 1995ean kritika latzak egin zizkioten alderdian, gastu sozialak murrizteagatik, besteak beste. Hornen lehendakaritzapean Hungaria nazioarteko erakunde nagusietan sartu da: 1996an Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundean (ELGE) sartu zen, eta urtebete geroago, NATOn sartzeko izendaturiko Ekialdeko Europako estatuetako bat izan zen. Europar Batasunean laster sartzeko aukera izango zuela ere agindu zitzaion. 1998ko hauteskundeetan, nahiz eta lehen bozketan botoen % 32 eskuratu zuen, bigarrenean eskuina –Viktor Orbanen gidaritzapean– nagusitu zitzaion.