Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

hondartza

iz. Hondarrez osatutako lurra; batez ere, itsasertzean gertatzen dena. v Geol. Itsasoak kostaldera jaurtitzen duen hondarraz eta harri txintxarrez osatzen dira hondartzak. Urak hartzen ditu gai horiek, eta itsasoan higatu, berdindu eta lautu egiten dira. Hondartza osatzen duten gaiak neurri askotakoak dira, eta pisuaren arabera geratzen dira hondartzaren leku batean edo bestean. Gai astunenak hondartzaren leku garaienetan biltzen dira, ekaitza denean olatuek bertaraino eramaten baitituzte. Bestalde, hondartzetan etengabe aldatzen da gaien antolamendua, itsaso zakarrak hondarra barrurantz eramaten du, eta harriak botatzen ditu kostaldeko gainaldeetara; itsaso bareak, berriz, hondarra hondartzan uzten du. Hondartza baten epaia ia beti ahurra da, gai astunenak aldapan jarrita egoten baitira, eta itsaso bareak ekarritakoak, berriz, behean. Hondartzak gehienetan 10-20 metroko garaiera duten dunez estalita egoten dira. Hondartzetan hondarra finkatzeko landarerik ez dagoenez gero, eta haizeak hondarra lehortu eta mugitu egiten duenez gero, dunak zabaldu egiten dira. Itsasoko ura iristen ez den lekuan berriz, laster sortzen dira ingurugiro horretara egokitutako landareak.