Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Hondarribia

Gipuzkoako ipar-ekialdeko udalerria, Bidasoa ibaiaren bokalearen ezkerraldean (Oiartzualdea). Mugak: iparraldean, Kantauri itsasoa; ekialdean, Bidasoa ibaiaz gaindi, Hendaia (Lapurdi); mendebalean, Lezo eta Pasaia; hegoaldean, Irun. 28,8 km2. 1997ko datuen arabera, 14.704 biztanle ditu (hondarribiarrak). Azken urteotan gora egin du biztanle kopuruak Hondarribian. Auzo nagusiak: Akartegi, Santiagotxo, Kosta, Jaizubia, Portua, Mendelu, Semizarga eta Parte Zaharra. Bidasoa ibaia udalerriaren eskuinaldetik igarotzen da eta Jaizubia errekak hegoaldetik zeharkatzen du udalerria. Euskara: goi-nafarrera. Hizkuntza banaketa, 1996an: 8.566 euskaldun, 2.670 ia euskaldun eta 3.930 erdaldun. Ekonomia jarduera nagusia zerbitzuetan oinarritzen da, turismoak garrantzi handia baitu Hondarribian (hotelak, ostatuak, kafetegiak, aireportua, kirol kaia; langileen % 45,2). Pisu handikoak dira, halaber, arrantza (langileen % 10) eta industria (kimika industria, altzarigintza, ehungintza, janari industria; langileen % 36). Aipagarri dira XV-XVI. mendeko parrokia gotikoa, Santiagotxoko ermita (XIV. m.), Guadalupeko eliza (XVI. m.), Karlos V.aren gaztelua (Enperadorearen paradorea), herriko murru edo harresia (XVI. m), San Telmoko gaztelua (XVI. m.), herriko etxea (XVIII. m.), Casadevante oinetxea, Zuloaga jauregia (XVII-XIX. m.), Arzutarren oinetxea, Etxebeste etxea (Rojas y Sandoval apezpikuaren etxea), Arma plaza (Karlos V.aren gazteluaren aurre aldean), Gipuzkoako plaza eta Apezpikuaren (Rojas y Sandoval) plaza. Hobekuntza ugari ere egin da herrian, itsasadarra birgaituz eta laket-portu berria eraikiz. Irun eta Hendaiako udalekin batera, Bidasoa-Txingudi elkarlanerako guneko kide da. v Historia. Erromatarrek Mediterraneo itsasoa eta Ozeano Atlantikoa elkartzeko egin zuten Tarraco-Oiasso galtzadako Atlantikoko muturrean dago Hondarribiko hiria. Bidasoako itsasadar zabalaren ertzean zeuden Hondarribiko lur eta itsas bazterrak (Jaizkibel mendiaren ondoko eremuak) Oiasso izeneko hiri baskoiaren barnean zeuden (Oiassoko gune nagusia gaur egungo Irun den lekuan zegoen) erromatarren garaiko aztarnak aurkitu dira, Higer lurmuturretik hurbil (Asturiaga). Erdi Aroan Nafarroako koroaren mendeko lurra zen Hondarribia; Donostiako hiriaren manupeko eremu bihurtu zen XI. mende erdialdean, Donostiari hiri gutuna eman zitzaionean. Gaztelako koroa Gipuzkoaz jabetu zenean eman zion Alfontso VIII.a erregeak hiri gutuna Hondarribiari, Donostiakoaren arabera (1203), eta bertan egituratu zen gotorleku militarraren mendeko geratu ziren Irun, Lezo eta Pasai Donibaneko lurraldeak ere (Jaizkibel mendialdeko eta Oiartzualdeko lurrak). Nafarroako koroak ez zuen onez eraman Hondarribia galtze hura eta historian zehar hainbatetan saiatu zen itsas portu bakar izandakoa berreskuratzen. Espainiako eta Frantziako estatuen arteko muga hiria izaki, setio askori aurre eman behar izan dio Hondarribiko hiriak historian zehar. 1521. urtean, Nafarroako erresuma berreskuratu nahi zuten indar nafar-frantsesak jabetu ziren Hondarribiko hiriaz, eta bertan egon ziren 1524. urtea arte. 1638. urtean, luzaroan eduki zuten inguraturik Condé printze frantsesaren osteek, baina hondarribitarrek tinko eutsi zioten, bonbardaketa latz guztiak gorabehera. 1719-1721. urteetan Berwick-eko dukearen osteak egon ziren bertan. XVIII. mende bukaeran utzi zuten militar espainiarrek Hondarribiko gaztelua. Handik aurrera besteen antzeko itsas herri bihurtu zen Hondarribia. Hondarribiaren eta Irun, Lezo eta Pasai Donibaneren arteko harremanak zailak izan dira sarri askotan. Beren nortasuna gorde zuten beti hiru herri horiek, eta XVIII-XIX. mendeetan erabat bereizi ziren Hondarribiko hiritik (Pasai Donibane, 1771n; Irun, 1776an; Lezo, 1812an). 1805-1814. urteetan, Nafarroako hiriak izan ziren Irun eta Hondarribia (Lezorekin batera). XIX. mendean Hondarribiak ez zuen garrantzi berezirik militarrentzat eta Karlistaden garaian ez zen, beraz, hura eskuratzeko borrokarik izan. XIX. mendean hasi zen Hondarribiko arrantzale jarduera sendotzen (orduan hasi zen arrantzale auzoa egituratzen), eta mende horren bukaeran hasi ziren lehenengo udatiar eta turistak hurbiltzen. 1936ko Gerra Zibilean, 1936ko irailaren 6an sartu ziren karlistak eta faxistak hirian, eta hil bereko 21ean eskatu zuten Irungo eta Hondarribiko udalerrietako zinegotziek bi hiriak Nafarroan sartzea. Gipuzkoako agintari frankisten ezezkoak eragotzi zuen proiektu hura. 1955. urtean Gipuzkoako aireportua ireki zen Hondarribian.