Holbein, Hans
(«Zaharra» deitua). Alemaniar pintore eta marrazkilaria (Augsburgo, 1465 inguruan, - Isenheim, Alsazia, 1524). Ulm-en ikasi ondoren, Herbeheretan izan bide zen. Gero Augsburgora joanik, erretaulak egiteko lantegi baten buru izan zen. Espresioen bortiztasuna eta forma kizkurtuak gogoko dituen tradizio germaniarraren ildotik taxutuak ziren Holbeinen erretaulak, eta oso estimatuak izan ziren haren denboran. Gotiko berankorraren ezaugarri garbi-garbiak ditu. Hona erretauletariko batzuk: Domingotarrena (Frankfurt), Andredena Mariaren basilikakoa (Erroma), Augsburguko San Pauloren basilikakoa. Erlijiozko koadroak, berriz: Santa Mariaren bizitzako pasarteak (Augsburgoko katedrala), Amabirjinaren heriotza apostoluek inguraturik (Basilea), etab. Zehaztasun handiko erretratugilea ere bada, zenbaitetan soil eta lehor samar gertatzen den arren (zenbaitetan bere semeak egindakotzat hartu dira). Azken aldera, italiar estiloko gaiak bere egin zituen eta formak leundu (Gaztetasunaren iturria, 1519).