Holbein, Hans
(«Gaztea» deitua). Alemaniar pintore, marrazkilari eta grabatzailea (Augsburgo, 1497 - Londres, 1543). Aitarekin, Hans Holbein Zaharrarekin, ikasi zuen pintura. 1515ean Basileara joanik, zenbait inprimatzaileren liburuak irudiz apaindu zituen, hala nola Frobenius-en Dantza makabroa (1515). Erasmoren Encomium morć seu laus stultitić (Eromenaren laudorioa) obrarako egindako irudiei esker egin zen ezagun humanisten artean. Lehen erretratuek, berriz, hiri hartako burges eta merkatari nagusien estima ekarri zioten. Lehen lanetarikoak dira Jacob Meyer eta emaztearen erretratua (1516) eta Jacob van Hertenstein hiriko jaunaren etxeko apainketa (1517). 1526. urtea arte, erretratuekin batera, erlijiozko irudiak, eraikuntza ofizialen zein pribatuen apainketak, beirate kartoiak eta liburuetarako grabatuak egin zituen Basilean. Erreformaren giro nahasiaren aurrean, eta Erasmoren aholkuei jarraituz, Londresa erbesteratu zen (1526). Tomas Moro-ren babespean zenbait pertsona ezagunen erretratuak egin zituen, hala nola William Warham Canterbury-ko Artzapezpikua, Nicolaus Kratzer astronomoa. 1528an Basileara itzulirik, besteak beste, Zum Tanz etxeko aurre aldea pintatu zuen, bai eta udaletxeko beste zenbait irudi ere. Erreformaren garaipenaren ondoren (1529), lan urritasuna zela eta, Ingalaterrara itzuli zen behin betiko (1532). Hasieran merkatari alemaniar aberatsen pintorea izan zen (Herman Wedhig-en erretratua, Gisze merkataria), baina laster Henrike VIII.aren zerbitzutan sartu zen. Erregearen, haren familiaren eta inguruko pertsonaien erretratuak pintatu zituen: Henrike VIII.a, Jane Seymour, Clčves-ko Ana, Danimarkako Kristina, Enbaxadore frantsesak, Thomas Cromwell, Sir Richard Southwell. Izurriak jota hil zen, famaren gailurrean zegoela. v Holbein garai guztietako erretratugile onenetarikoa da. Alemaniako Errenazimentuak Europa iparraldekoen eta Italiako artisten ekarriak beretu zituen, eta Holbein da garai hartako azken ordezkari handia. Hona haren pintatzeko moduaren ezaugarri batzuk: marrazkiaren zehaztasuna, kolorearen joritasuna, konposizioaren zuzena eta pertsonaien psikologiaren pertzepzio zuzena.