Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Holanda

(Neerl. Holland). Herbeheretako aintzinako lurraldea. Rhin ibaiaren bokaletik Zuiderzee ixten zuen penintsularaino doan itsasertzeko zerrenda hartzen du. Holandako lurrak itsasoaren mailaren azpitik daude, duna naturalek eta ezponda artifizialek babesturik. Herbeheretako lurralderik aberatsena da, eta hiririk handienak ere han daude. Zuiderzee-ri eta aintzirei harturiko lurretan nekazaritza intentsiboa eta oparoa da. Bi probintziatan zatiturik dago: Ipar Holanda eta Hego Holanda. v Holanda, Hego (Neerl. Zuidholland). Herbeheretako mendebaleko probintzia, Ipar Itsasoaren ertzean. 2.905 km2; 3.164.000 biztanle. Hiriburua: Haga. Hiri nagusiak: Delft, Dordrecht, Gouda, Leyde, Rotterdam. Dunen babespeko ordoki batek eta uharte batzuek osatzen dute. Biztanle gehienak itsasertzean bizi dira. Lorezaintza, barazkiak, zerri eta behi azienda dira nagusi barne aldean. Gazta ekoizpena. Industria alderik handiena Rotterdam inguruan biltzen da. v Holanda, Ipar (Neerl. Noordholland). Herbeheretako ipar-mendebaleko probintzia, Ipar Itsasoaren eta Ijsmeer aintziraren artean, Texel uhartea barne. 2.668 km2; 3.322.000 biztanle. Hiriburua: Haarlem. Hiri nagusiak: Amsterdam, Hilversum, Ijmuiden, Zaandam. Ia osorik itsas mailaren azpitik dago, polderrez osaturik eta ubide ugariz zeharkaturik. Ardi azienda (Texel) eta behi azienda bikaina. Lorezaintza, barazkiak. Industria, Amsterdam inguruan.