Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Hofmann, Gert

Alemaniar idazlea (Limbach, Saxonia, 1931 - Erding bei München, 1993). Itzulpen eta interpretazioko ikasketak egin zituen lehenbizi, eta filologia eta soziologia ikasketak gero. 1961etik aurrera eskolak eman zituen atzerriko zenbait unibertsitatetan (Tolosa, Bristol, Yale, Berkeley eta Ljublijana), eta 1981ean Erdingen jarri zen bizitzen, idazle profesional bihurtuta. 1960ko hamarraldian ezagutarazi zuen bere burua, irratirako idazlanak eta antzerki lanak idatziz, baina batez ere telebistarako idazlan batek –Hochzeitsnacht (1967, Eztei gaua), nagusitasun mekanismoei buruzko erreportajea, emaztegaiaren aitaren aspaldiko gerra lagun baten bidez aurkeztua– zabaldu zuen Hofmannen ospea mundu osora. Unsere Eroberung (1984, Gure konkista) eleberrian Hofmannek nazionalsozialismoaren gai korapilatsuari heldu zion, Veilchenfeld filosofo juduaren jazarpena eta heriotza ikusten duen haur baten ikuspegitik. Hofmannen lanek, errealitatearen krudeltasuna deskribatzen duten neurrian, Thomas Bernharden obrarekin erkatzen dira askotan, bai batean bai bestean eszeptizismoa delako nagusi, nahiz eta idazlearen jarrera baikorra izan beti. Beste lan batzuk: Auf dem Turm (1982, Dorrean), Veilchenfeld (1986).