Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Hiperides

(Gr. Hypereides). Greziar hizlaria (Atenas, K.a. 389 - Kleon, Peloponeso, 322). Platonen eta Isokratesen ikaslea. Hasieran logografo lanetan aritu zen, inorentzako epaiketa-hitzaldiak eginez. Frine bere maitalearen kasua berak defendatu zuen: erlijiogabea izatea leporatzen zioten akusatuari, eta azken argudiotzat akusatuaren edertasuna agerian jarriz lortu zuen Hiperidesek epaileen errukia. 347tik aurrera Demostenesen jarraitzaile izan zen mazedionarren eta bakezaleen aurkako erasoetan. Mazedoniako Filipo Keroneako guduan (338) atenastar koalizioari nagusitu zitzaionean, Hiperidesek antolatu zuen Atenasen defentsa. Harpaloren auzian Demostenesen salatzaile nagusietarikoa izan zen. Alexandro Handia hil ondoren (323), mazedoniarren aurkako matxinada zela eta, berriro adiskidetu zen Demostenesekin. Antipatrosen zapalkuntzaren biktima izan zen: atxilotu eta oinaze ikaragarriak pairarazirik hil zuten. v Antzinatean ia Demostenesen parekotzat zeukaten. Haren eskutik atera bide ziren 77 hitzaldietatik 6 besterik ez dira gorde, eta ez osorik guztiak. Argitasuna, dotoretasuna, hizkuntza jasoaren eta lagunartekoaren bateratze egokia –hein batean komediak eragina– dira Hiperidesen berbaldiaren ezaugarriak. Demostenesen aurka eta Lamian eroritako gudarien hileta-hitzaldia dira bere hitzaldirik aipagarrienak.