Heyerdahl, Thor
Norvegiar antropologo eta esploratzailea (Larvik, 1914 - Colla Micheri, Italia, 2002). Antzinako zenbait herriren emigrazio ereduei buruzko teoriengatik da batez ere ezaguna. Osloko Unibertsitatean egin zituen ikasketak. Hego Ameriketako indiarrak Pazifikoko uharteetara emigratu ahal izan zutela frogatzeko, berak eta laguntzaile talde txiki batek 6.920 kilometroko itsas bidaia egin zuten El Callaotik (Peru) Tuamotuko uharteetara (Polinesia), 101 egunetan, Peruko indiarrek antzina erabiltzen zituztenak bezalako baltsa batean (Kon-Tiki deitua). Bere migrazio teoria frogatzeko beste saio batean, espedizio arkeologikoak egin zituen Galapago uharteera (1954), Pazko uhartera, eta Pazifiko ekialdera (1955-1956). Geroago, antzinako egiptoarrek, duela lau mila urte, Hego Ameriketara iritsita azteka eta inka zibilizazioak sortu ahal izan zituztela frogatu nahiz, Ozeano Atlantikoa zeharkatzen ahalegindu zen papirozko ontzi batean, Afrika iparraldetik abiatuta (Ra I, 1969an; Ra II, 1970ean). Lehen ahaleginak huts egin zuen, 4.500 kilometro egin ondoren. Bigarrenak, ordea, Bridgetownen lehorreratzea lortu zuen, Barbados uhartean, 57 bidaia egunen ondoren. 70eko hamarraldiaren bukaeran, 9.980 kilometroko bidaia hasi zuen kanaberazko ontzi batean (Tigris), sumeriarrek duela bost mila urte Iraketik Indiako Ozeanora joateko erabili ahal izan zuten migrazio bide bat bazela frogatzeko. Bidaia hura bertan behera utzi behar izan zuen, ordea, Etiopiako gerrarengatik. Lan nagusiak: Kon-Tiki-ren espedizioa, Aku-Aku, Pazko uhartearen sekretua (1958), Ra-ren espedizioak (1970), Ameriketako indiarrak Pazifikoan (1958), Tigris-ko espedizioa (1973). Kon-Tiki bidaiaren filmazioak Oscar saria irabazi zuen 1951n.
- hexapodo
- hexeno
- hexilo
- hexodo
- hexosa
- Heyerdahl, Thor
- Heym, Stefan
- hezadura
- hezagarri
- hezatu, heza, hezatzen
- hezatze