Hersey, John Richard
Estatu Batuetako idazlea (Tientsin, 1914- Key West, 1993). Txinan jaio eta han bizi izan zen 11 urtez. Kazetari gisa ibili zen gudulekuetan eta giro hartatik atera zuen lehen eleberrirako gaia: A bell for Adano (1944, Kanpai bat Adanorentzat). Pulitzer saria jaso zuen lan horrengatik. Kultura zenbaitetako gizonen artean komunikazioa lortu beharraz ari da eleberrian. Gerra gaiarekin lotuta daude nola edo hala hurrengo eleberriak ere: Hiroshima (1946); The Wall (1950, Harresia), Varsoviako juduen erresistentziari buruz; The war lover (1959, Gerrazalea). Hersey-ren beste zenbait lan: A single pebble (1956, Harri-txintxar xume bat), gaztetan ezagutu zuen Txinari buruz; Under the eye of the storm (1967, Ekaitzaren begian); The conspiracy (1972, Konspirazioa); The president (1975, Lehendakaria); The walnut door (1977, Intxaur zurezko atea).